AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/18 18:32

Europako kostaldera iritsi nahian ari diren pertsonekin Greziako kostazainek nola jokatzen duten ikertu du Britainia Handiko BBC telebista-kateak. 2020tik 2023ra bitartean, gutxienez 40 lagun erail dituzte kostazainek Greziako uretan, hainbat praktika kriminalen bidez. Eraso horiek ikusi eta jasan dituzten hainbat lagunen testigantzak bildu ditu BBC-k, baita zenbait irudi ere.

Kateak frogatu ahal izan duenez, itsasoan arrisku bizian zeuden hainbat eta hainbat pertsona erreskatatzeari uko egin diote greziar kostazainek, sistematikoki. Eta ez hori bakarrik: horietako asko kostazainek beraiek bota dituzte uretara; zenbait kasutan, eskuak lotuta. Modu horretan erail dituzte gutxienez bederatzi pertsona.

Bestelako praktika hilgarri batzuk ere topatu ditu BBC-k: lortu duten bideoetako batean ikusten da nola sartzen dituzten kostazainek hamabi pertsona migratzaile txalupa batera, gero, ontzi prekario batean abandonatuta uzteko. Lekukoen arabera, sarri gertatzen dira halako erasoak, gomazko ontzietan abandonatzen baitituzte itsasoan atxilo hartutako pertsonak, inolako motorrik izan gabe.

2022ko irailean, adibidez, halako kasu larri bat izan zela jakinarazi du aipatutako telebista-kateak: greziar kostazainek ontzi puzgarri batean sartu eta bertan utzi zituzten 85 lagun, itsasoaren erdian.

Datu eta informazio errealak, gainera, askoz ere larriagoak direla susma daiteke. Izan ere, 2020. eta 2023. urteen artean izandako hamabost gertakariri lotutako frogak besterik ez ditu jaso BBC-k.

Legez kontrako itzulketa masiboak

Telebista-kateak egindako akusazioak ukatu dituzte momentuz Greziako kostazainek. Dena den, jakina da legez kontrako bestelako praktika batzuk ere ohikoak direla Greziako agintaritzen partetik: pertsona migratuak legez kanpo itzularaztea eta deportatzea, mugak igarotzea galaraztea, eta abar.

Teorian, irla greziarretara heltzea lortzen duten pertsonek eskubidea dute asiloa eskatzeko, erregistro-zentroetara bertaratuta. Hala ere, urteak daramatzate eskubide horren urraketak salatzen: kalez jantzitako agente ezezagun batzuek geratzen dituzte migratutako pertsonak, haiek erregistro-zentroetara jo eta asiloa eskatu aurretik.

Horren ondorioz, Greziatik legez kontra kanporatzen dituzte migratzaileak, Turkiara sarri. Azaldu dutenez, aurpegia estalita izaten dute agente misteriotsu horiek, eta ez dute uniformerik eramaten.

Sarraskia iazko ekainean

Hainbatetan seinalatu dituzte Greziako kostazainak azken urteetan. Duela urtebete, esaterako, sekulako sarraskia gertatu zen euren eskumeneko uretan: leporaino beteta zegoen ontzi bat hondoratzen utzi zuten, Greziako kostaldetik gertu. Kopuru zehatzak jakin ezin badira ere, uste da 700 pertsona inguru zihoazela ontzian, horietatik 100 inguru haurrak. Pakistandik, Siriatik edota Egiptotik irten ziren, Europara iristen saiatzeko. Ehunka lagun desagertu eta hil ziren.

EZ DAGO IRUZKINIK