Atzo arratsaldean eman zuten berria: eguerditik hasita, Espainiako Poliziak miaketak egin zituen Sidenor enpresaren Basauriko (Bizkaia) bulegoetan, Israelgo Estatuarekin dituen negozioei lotuta. Oraingoz, sekretupean dago auziari buruzko ikerketa judiziala, baina hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, lotura zuzena du Euskal Herriko enpresak Israeli egindako altzairu-salmentekin, eta posible da enpresari "gizateriaren aurkako delitu" bat leporatu izana.
EITBren arabera, atzoko miaketetan bulegoetako material informatikoa bildu zuen Poliziak Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, 2024an eta 2025ean saldutako altzairuari buruzko informazioa lortzeko. Ikerketa, dena den, aurretik dator: udazkenean atera zen argitara ikerketapean zeudela Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentea eta beste bi enpresaburu, Israel Military Industries (IMSI) konpainiari altzairua saltzeagatik. Artilleriako munizioak eta gailu aurreratuak ekoizten ditu IMSIk, eta Israelgo okupazio-armadak erabiltzen ditu horiek, batik bat.
Lehenengo informazioek zioten "kontrabandoa eta gizateriaren aurkako krimenekiko konplizitatea" egozten zietela enpresariei. Auto judizialak zioen, hain zuzen, altzairua "armamentua ekoizteko zela jakinda" egin zituela salmentak Sidenorrek, eta "gobernuari dagokion baimena eskatu gabe". Kataluniako Komunitate Palestinarrak jarritako kereila batean oinarritzen da ikerketa judiziala.
Azaroaren 12an deklaratu behar izan zuten epailearen aurrean Jainagak eta beste bi enpresaburuek. Jainagak ukatu egin zuen Israeli altzairua legez kanpo saldu izana, defendatu baitzuen esportatutako materiala ez zegoela "administrazioaren kontrol berezia behar zuten produktuen artean". Horiek horrela, indarrean dagoen legedia bete zuela esan zuen, eta gaineratu zuen Israeli egindako salmentak eten zituela enpresak, Espainiako Gobernuak 2025eko irailean ezarritako mugen ostean.
Espainiako Gobernuaren ustezko debekua
Espainiako Gobernuak, PSOE buru duela, iazko irailean debekatu zuen, teorian, gerrarako eta bestelako materialen salerosketa Israelekin. Errege Lege Dekretu baten bidez egin zuen hori. Ekimenak, baina, hutsune legal nabarmenak ditu, ez dituelako transbordoak debekatzen adibidez. Horiek horrela, Espainiako Estatuko portuek ezinbesteko gakoetako bat izaten jarraitzen dute sionistekin merkataritza-harremanak mantentzeko: 2025ean, legez kanpoko kolonia israeldarretatik egindako 390 merkataritza-garraio baimendu zituen gobernuak.
Milaka tona altzairu, palestinarrak erailtzeko
RTVE-k jaso duenez, 2024ko abuztutik aurrera Sidenorrek sionistei 1.207 tona altzairu saldu izana dago ikerketapean, besteak beste. Orain arte ere hainbat dokumentu judizialek erakutsi dute, dena den, euskal enpresak salmenta erraldoiak egin dizkiola Israelgo Estatuari: 2023ko azarotik, 30 bidalketa baino gehiago egin zituen, eta 2025eko ekainera bitartean behintzat mantendu zuen negozio hori.