Langileriarentzat bizi-kostuak gero eta handiagoak diren bitartean, ez du amaierarik miseriaren kontura aberasten ari diren enpresen zerrendak. Berriki, Mercadona supermerkatuak eta Inditex arropa-kateak eman dute 2023an izandako irabazien berri. Eta ez dago sorpresarik: haiek ere marka historiko guztiak gainditu dituzte etekinei dagokienez.
2023an, batez beste, %11,8 egin zuten gora elikagaien prezioek Espainiako Estatuan (2022an baino bi dezima gehiago). Aldi berean, inoizko irabazirik handienak lortu ditu Mercadonak: 2022ko emaitzekin alderatuta, %40 areagotu ditu etekinak. Lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea; hain justu, 1.009 milioi eurora heldu da.
Inditexek ere historiako emaitzarik onenak lortu ditu 2023an, bigarren urtez jarraian. 36.000 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu; eta, denera, 5.000 milioi euroko irabaziak. Hortaz, 2022an baino %30 gehiago irabazi du kateak.