Lerroburuak betetzen dituen triunfalismo makroekonomikoak aurrez aurre egiten du talka Espainiako Estatuko etxeetako errealitatearekin. Enpresa handien soldata-arrakalak izeneko dokumentuak enegarren aldiz agerian uzten duenez, 2020tik estatu mailako BPGa urtean %4,74 hazi den arren (batez beste), Europar Batasuneko batez bestekoa aise gaindituz, kapitala ez da banatzen, metatu egiten da. Gaur egun, Espainiako Estatuan, Europako batez bestekoa baino nabarmen handiagoa da errenta-desberdintasuna: Batasuneko %10 aberatsenak %10 pobreenak baino 7,5 aldiz gehiago dauka, baina Espainiako Estatuan, berriz, 9,6 aldiz handiagoa da alde hori.
Estatuko 40 enpresa handienen datuek proportzio historikoen arteko arrakala erakusten dute. Korporazio horietan gehien kobratzen duen pertsonaren urteko ordainsariaren batez bestekoa 4,37 milioi eurokoa izan zen 2024an. Muturreko kasuetan, hala nola Iberdrolan, lehen exekutiboak 14,2 milioi euro jaso zituen iaz, Banco Santanderrekoak 13,8 milioi eta Inditexekoak 11,2 milioi. Kapital-kontzentrazio horrek esan nahi du enpresako batez besteko soldata baino 111 aldiz handiagoa dela soldatarik altuena. Praktikan, enpresa horietan batez besteko soldata duen langile batek mende bat baino gehiago lan egin beharko luke, arduradun nagusiak hamabi hilabetetan poltsikoratzen duena berdintzeko.
Desberdintasunak, bertikala izateaz gain, klase-diskriminazio mota guztiak betikotzen ditu, arrazari edo generoari lotutako diskriminazio gisa islatzen direnak. 2024an, generoarengatiko soldata-arrakala %18,2koa izan zen enpresa handi horietan, eta zifra horrek ematen du ulertzera emakumeek ordainsari txikiagoa dutela lanpostu baliokideetan edo emakumerik ez dagoela ondoen ordaindutako karguetan. Errealitate horrek, emakumeak behartzen ditu egunero ordu eta erdi gehiago lan egitera, diru-sarrerak berdintzeko. Hori guztia ordaindu gabeko lanorduak kontuan hartu gabe, hala nola zaintzari, garbiketari eta gainerakoei lotutakoak. Horiek zenbatuz gero, kalkulatzen da emakumeek gizonek baino heren bat inguru gehiago kobratuko luketela.
Era berean, zenbakien analisiak meritokraziaren narratiba gezurtatzen du, alderatze hutsarekin baztertze-mekanika bat erakusteko. Espainiako Estatuko soldatapekoen erdiak, asko jota, gutxieneko soldata behin eta erdi kobratzen du (24.124 euro inguru urtean), eta bitartean, enpresa handien %37,5ek urtean 5 milioi euro baino gehiago ordaintzen dizkio bere exekutibo nagusiari.