AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Pedro Sanchez (X)
2025/11/06 13:58

Espainiako Gobernuak, Kanpo Arazoetako Ministerioaren Administrazio Publikoak Nazioartekotzeko Fundazioaren (FIAP) bitartez, migratzaileak atxilotzeko bi zentro eraiki eta finantzatu ditu Mauritanian. Besteak beste, haurtxoentzako sehaskak ere badituzte kartzela horietan, El Salto-k ikerketa baten bidez lortutako dokumentu ofizialen arabera. Urriaren 17an inauguratu zituzten Nouakchotten (107 plaza) eta Nouadhiboun (76 plaza) dauden zentroak, eta adin txikiko pertsonak atxilo hartzea ere posible da bertan. Espainiako Estatuko legediak berariaz debekatzen du jardunbide hori.

Lehiaketa publikorik gabe, FIAPek 1.080.625 euroko kontratuak esleitu zizkion CADG eraikuntza-enpresari, Europar Batasuneko Larrialdietarako Funts Fiduziarioak erabiliz, aipatutako dokumentazioaren esanetan. Proiektuan inplikatuta dagoen iturri batek El Salto-ko kazetariei aitortu zienez, Mauritaniakoak "atxilotze-zentroak dira, jakina"; eta zehaztu zuen haurrak "senide batekin daudenean bakarrik" sartuko dituztela preso. FIAPek, gero, defendatu zuen aipatutako kontratuek "prozedura publikoa" jarraitu zutela, atzerriko kontratazioari buruzko legediak babestuta.

Guardia Zibileko eta Espainiako Poliziako agenteek ere parte hartzen dute jada Mauritaniako agintaritzen atxiloketa-sarekadetan. Interbentzio polizial horiek barne hartzen dituzte, besteak beste, "baimen judizialik gabe etxeetara bortxaz sartzea eta arrazagatiko atxiloketa arbitrarioak", El Salto-ren esanetan. Gainera, FIAPek ez du zehaztu atxilotuen aurkako tratu txarrak edo torturak saihesteko protokolorik ba ote dagoen, eta ez die erantzun ikertzaileek egindako galderei.

Migrazio-kontrola kanpora ateratzeak berekin dakar atxilotuak sistematikoki abandonatzea basamortuko eremuetan, hala nola Goguin, Maliko mugan. El Salto-k gogorarazi du Lighthouse Reportsek eta Human Rights Watchek salatu dutela Espainiako Poliziak astero jasotzen dituela zerrendak, abandonatutako pertsonen izenekin. Biktimen artean asilo-eskatzaileak daude.

Migrazio-akordioen fruituak

Espainiako Estatuak eta Mauritaniak uztailean egin zuten Goi Mailako lehen Bilera bat, eta bertan adostutako migrazio-lankidetzaren ondoren iritsi dira atxilotze-zentroak. Bilera horretan, bi gobernuek konpromisoa hartu zuten "lankidetza sakontzeko migrazio seguru eta ordenatu baten alde, eta izaera irregularreko migrazioaren aurka borrokatzeko". Pedro Sanchez eta Mohamed Ould Ghazouani presidenteek lau hitzarmen sektorial sinatu zituzten, eta Europar Batasunak 500 milioi euro baino gehiagoko finantziazioa iragarri zuen "herrialdearen aurrerapenerako eta legez kanpoko migrazioaren aurkako borrokarako".

EZ DAGO IRUZKINIK