AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/10/15 17:04

Salhaketa elkarteak jakinarazi duenez, bi presok galdu dute Iruñeko (Nafarroa) kartzelan martxotik, osasun krisiaren hasieratik. Antza, martxoa edo apirila aldera zendu zen lehena, behin-behineko espetxealdian zela. Dena den, heriotzaren inguruko bestelako daturik ez zuen zabaldu, kasu honetan, Espetxe Zuzendaritzak. Abuztuan izan zen bigarren kasua: orduan aurkitu zuten beste preso baten hilotza, eta dirudienez, gaindosi baten ondorioz hil zen. Hala ere, suizidioaren hipotesia ez dute baztertu.

Pandemiak espetxeetan ere zuzeneko eragina eduki duela azpimarratu du Salhaketak. Izan ere, martxotik areagotu egin da presoen bazterketa egoera eta, askotan, artatuak izateko aukerarik ere ez dute izan. Hala, beharrezko tratamenduak ez dituzte jaso.

Gainera, presondegietako kudeaketa ere salatu dute: maskarak soilik bisiten kasuan banatzen ziren eta hamar egunez jarraian izaten zuten berdina. Funtzionarioek ere musukorik ez erabili izana gaitzetsi dute, egunero kartzeletatik kanpoko jendearekin eta Iruñeko espetxeko 264 presoekin kontaktua izaten zutela argudiatuta.

Horrez gain, Salhaketak gogorarazi du abuztuan eten zutela aurrez aurreko bisitetarako eskubidea, eta hala jarraitzen du oraindik. Maiatzaren erdialdean eman zuten jarduerekin berriz hasteko baimena, nahiz eta oraindik bertan behera segitzen duten askok, besteak beste, prestakuntza eta hezkuntza arlokoek.

Euskal Herriko kartzeletan preso gehiagok galdu dute bizia aurten, tartean, Zaballan (Araba) eta Martutenen (Gipuzkoa).