AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EITB
2025/03/03 09:03

Gaur beteko dira 49 urte Gasteizko (Araba) sarraskia gertatu zenetik, Espainiako Estatuan Trantsizio deiturikoaren gertakari bortitzenetako bat. 1976ko martxoaren 3an, Espainiako Polizia Armatua modu zitalean oldartu zen Arabako hiriburuan greban zeuden langileen aurka, eta Romualdo Barroso Chaparro, Francisco Aznar Clemente, Jose Castillo Garcia eta Bienvenido Pereda Moral erail zituen tiroka. Gainera, ehundik gora lagun zauritu zituzten balaz poliziek. Asisko San Frantzisko elizan izan zen sarraskia, Zaramaga auzoan, ehunka grebalari bertan baitzeuden bilduta, lan-baldintza hobeen eta askatasun politikoen aldeko greba orokor baten harira.

Ikerketa historikoen eta testigantzen arabera, indar polizialek gas negar-eragileak erabili zituzten tenplu barruan, eta, langileak bertatik irteten saiatu zirenean, tiroz hartu zituzten. Errepresioaren arduradun politiko eta polizialetako bat bera ere ez dute gertakariengatik epaitu, eta ikerketa judizialak irekitzeko saiakerak sistematikoki artxibatu dituzte.

Gaur ere, deialdiak eraildako langileen omenez

Martxoak 3 elkartetik nabarmentzen dute "zigorgabe jarraitzen duen estatu-krimen bat" izan zela 1976koa. Urteurren honetan ere hainbat deialdi izango dira Gasteizen eraildako beharginen oroimenez, tartean, hainbat kolektibok eta sindikatuk deituta arratsaldez izaten den manifestazio handia.

Gasteizko Kontseilu Sozialistak ere egin du deialdi bat gaurko, aurreko urteurrenetan bezala. Arratsaldeko 17:00etarako antolatu du hitzartze politiko bat Burullerias Plazan, eta, horren ostean, bertatik abiatuko da Bloke Sozialista, lehen aipatutako manifestaziora batzeko. Atzoko eta gaurko borrokaz, langile boterea eraiki lelopean egin du deialdia Kontseilu Sozialistak.

Ertzaintzaren kargak eta atxiloketak iaz

Aurreko urtean, 1976an Poliziak hildako langileak oroitzeko mobilizazioan, Ertzaintzaren kargak izan ziren. Erdigunean oldartu ziren ertzainak manifestarien aurka, mobilizazioa bitan zatituz. Foam jaurtigaiak eta gomazko pilotak erabili zituzten poliziek, eta hainbat pertsona zauritu zituzten; haietako bati hanka harrapatu zioten ibilgailu batekin. Hiru pertsona eraman zituzten atxilo.

EZ DAGO IRUZKINIK