AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/02/02 17:40

Greba deialdi bat egin du Ikasle Abertzaleakek datorren martxoaren 30erako, Enpresari handien hezkuntzak miseriara kondenatzen gaitu. Ikasle langileok borrokara! leloaren pean. Deialdia aurkezteko, hiru toki esanguratsutara sartu dira gaurkoan IAko hainbat kide; hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU/UPV) Leioako (Bizkaia) campuseko errektoretzara, Eusko Jaurlaritzak Bilbon (Bizkaia) daukan hezkuntza delegaritzara eta Nafarroako Gobernuak Iruñean (Nafarroa) daukan hezkuntza delegaritzara.

"Hezkuntza sistema enpresari handien menpe dagoen instituzio bat gehiago da; bankari eta finantzario handiek kontrolatzen dute, eta, ikasleok, gure azalean bizi ditugu horren ondorioak", azaldu dute gaur IAko kideek. "Gizarteko gainontzeko sektoreak bezala, hezkuntza instituzioa ere ziklo ekonomiko berrira egokitu behar da; etorkizuneko murrizketetara egokituz, hezkuntza instituzioarekin negozioa eginez eta, batik bat, prekaritatean biziko den subjektua sortuz, ikasle langilea, hain zuzen ere", sakondu dute.

"Horretarako, enpresari handiek curriculumean eskua sartu eta diziplinamenduan oinarrituko den heziketa eredu bat ezartzen digute bigarren hezkuntzan", seinalatu du IAk, hezkuntza ertainari dagokionez. Unibertsitateari buruz, nabarmendu du "enpresarien araberako graduak sortzen" direla eta, beste batzuk, berriz, "guztiz debaluatzen" direla. Bestalde, eredu dualaren bidez lanbide heziketa "enpresarien guztiz menpeko" bilakatuko dela dio.

Etorkizun beltzerako prestaketa

Azken urteetan, IAk sarri salatu du proletalgoa hezkuntzatik kanporatua izaten ari dela, eta oraingoan ere egin dio erreferentzia arazo horri: "Hezkuntzatik kanporatua izaten lehenak dira bitarteko gutxien dituztenak, unibertsitatea gero eta gutxiagoren esku baitago". Zehaztu du, gainera, "etorkizun ilun bat" daukatela zain ikasleek, "langabezian, behin-behineko lanetan eta praktika-kontratuetan oinarritua".

Beraz, etorkizun horri begira jarrita, "heziketa zentroak diziplinamendu laboral eta sozialerako bilakatzen" ari direla uste du ikasle antolakundeak. Besteak beste, "lan-karga itogarriak, arau arbitrarioak eta dogmatan oinarritutako errespetua" dira ardatz prozesu horretan, IAko kideen esanetan. "Etorkizuneko subjektu otzan eta sumiso nahi gaituzte", gaineratu dute.

"Ideologizazioan eta despolitizazioan oinarritzen den hezkuntza hau suntsitu beharra daukagu, gaurdanik ikasleria antolatuz, indarrak metatuz eta subjektu politiko aktibo gisa jardunez", aldarrikatu dute. Hortaz, martxoaren 30ean borrokara batzeko deia egin dute, "enpresari handien hezkuntzak miseriara kondenatzen gaituela" salatzeko.



EZ DAGO IRUZKINIK