Aurreko astean, Hernanin (Gipuzkoa) egin zuten agerraldi bat Euskal Herria Bizirik sareko hainbat kidek, mobilizazio deialdi baten berri emateko: manifestazio nazional bat antolatu dute martxoaren 22rako, Gasteizen (Araba). Izan ere, gogorarazi zuten lurraren defentsan eta makroproiektuei aurre egiteko sortu zutela Euskal Herria Bizirik, eta "indarrak batzea eta gure ahotsa ozenago entzutea" ahalbidetzen duela.
Zentzu horretan, "lekuz lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea" ezinbestekotzat jo zuten, eta horri lotuta egingo dute mobilizazio bat martxoan. "Beharrezkoa ikusten dugu denoi eragiten diguten dinamika politiko eta ekonomikoen aurkako antolakuntza bateratu bat egikaritzea", azaldu zuten. Hala, hainbat aldarri aterako dituzte mahaira Gasteizko manifestazioan.
Aldarriak martxoaren 22rako
Mobilizazioan, alde batetik, "Europatik etorri eta herritar guztiok zorpetu gaituzten diru-partidez aprobetxatu nahi duten enpresari handiak" seinalatuko dituzte, Repsol adibidez. "Zuzenean edo zeharka, makroproiektu horiek aurrera atera nahian ari dira", dio Euskal Herria Bizirikek.
Eta, enpresez gain, gobernuak jarri ditu jopuntuan: "Ezinbestekoa deritzogu, Europatik hasi eta Frantzia, Espainia, Nafarroa eta EAErainoko instituzio nagusiak jokatzen ari diren rola seinalatzea. Horiek baitira, azken finean, herritarron ongizatearen aurretik enpresen irabaziak jartzen ari direnak". Horren guztiaren erakusle modura daukate Lurralde Plan Sektoriala (LPS), hain zuzen ere. "Herritarron iritzia kontuan hartu gabe aurrera ateratzear dago" plana, eta hura bertan behera utz dezatela exijitu du plataformak. Aldarri hori presente izango du Gasteizko manifestazioan, beraz.
Bestalde, "kapitalismo berdearen promesa faltsuetatik haratago, gaur egun bizitzen ari garen hondamendi ekologikoari aterabide bat emateko beharra" azpimarratuko du. Ohartarazi du, gainera, horretarako beharrezkoa dela "gaur egungo eredu ekonomikoa gainditzea".
Lurraren defentsa, kriminalizatuta
Mobilizazio deialdia egitean, Euskal Herria Bizirikek aipamen berezia egin dio "lurraren defentsaren inguruan izaten ari den kriminalizazioari". Adibide modura aipatu dute Ostiako bi kideen atxiloketa aurreko astean, edota Aroztegiko proiektuari aurre egiteagatik auzipetuta egotea zazpi pertsona, hogei urteko kartzela-zigor eskaerekin.
"Lurraren defentsa ezin da kriminalizatu, eta gure herrietako bizitzaren defentsarako borroketan aurrekari kritikoa sor dezaketen zentzugabekeria horiei aurre egin behar diegu", azaldu du sareak. Aldarri hori ere gailenduko da martxoaren 22an.
Ia urtebete martxan
Urte honen hasieran eman zuten Euskal Herria Bizirik sarearen sorreraren berri, Gasteizen bertan. Ordutik ia urtebetera, plataformako kideek oroitarazi dute, besteak beste, "indarrak batuz soilik" lor daitekeela "makroproiektuen oldarraldia gelditzea", eta "herritarrak antolatzen hasiak" direla jadanik, "erraldoiei aurre egin ahal izateko bidea" zabaltzeko.