AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Bloke Sozialistara deitu zuen Kontseilu Sozialista Gasteizek.
2021/03/03 23:04

Martxoaren 3a zen atzo, gorriz markaturiko eguna Gasteizko (Araba) eta Euskal Herri osoko langile borrokaren memorian. 45 urte igaro dira Zaramaga auzoan Espainiako Poliziak bost behargin tiroz hil eta ehundik gora zauritu zituenetik, milaka langileren greba eta mobilizazioen erdian.

Aurtengoan ere Mugimendu Sozialistak hainbat ekimen prestatu ditu Gasteizen, eraildako langileak omentzeko eta "70eko hamarkadako borroka esperientzietatik ikaspenak ateratzeko", besteak beste. Kontseilu Sozialista Gasteizek nahiz Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistak azken asteetarako antolatutako hitzaldi eta hausnarketa saioen ostean, kalera irteteko eguna izan zen atzokoa.

Kontseilu Sozialista Gasteizek ekitaldia egin zuen 13:30ean, Zaramagako Elizaren ondoan. Francisco Aznar, Bienvenido Pereda, Jose Castillo, Pedro Maria Martinez eta Romualdo Barroso omendu zituzten, eta, oro har, "langileriaren borroka politikoa" ohoratu zuten.

Gasteizko Ikasle Abertzaleakek ere hainbat omenaldi egin zituen goizean zehar; hain zuzen, Ekialde, Unamuno, Koldo Mitxelena eta Los Herran institutuetan.

Sozialismorako lanabes

Ohi bezala, Arabako hiriburuan mobilizazioak izan ziren arratsaldean. Kontseilu Sozialista Gasteizek Bloke Sozialista osatzera dei egin zuen, eta 17:15ean ehunka pertsona elkartu ziren Rafa plazan, Iraganeko ikaspenetatik sozialismora lelopean, Zaramagarako bidea hartzeko. "Iraganeko borrokak omendu" eta "langileriaren independentzia politikoa" aldarrikatu zuten Bloke Sozialistan, Gasteizko GKSren esanetan.

Martxoak 3 plazan batu ziren manifestazio orokorrera. Milaka pertsonak hartu zuten kalea 1976an eraildako bost langileen oroimenez; Bloke Sozialistak "langileon mendekua iraultza sozialista", "antolakuntza komunista" edota "3 de marzo, ni olvido ni perdón" oihu artean bete zituen karrikak.

Atzoko irudi gehiago ikusteko, sartu hemen

EZ DAGO IRUZKINIK