AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Hondarribiko Gaztetxea
2020/03/07 14:39

Hondarribiko Gaztetxearen desalojoaren harira, gaztetxeko kideek manifestazioa deitu dute martxoaren 21erako, larunbata. Correosetik hasiko da mobilizazioa 19:30ean, Elkartasuna antolatuz, gaztetxeak defendatu izenpean.

Ertzaintzak ostegunean, hilak 5, hustu zuen Hondarribiko Gaztetxea. Eraikinaren legezko jabe den Acción Católica taldeak martxan jarritako prozedura judizial berria zela-eta, gaztetxeko kideek abenduan jakinarazi zuten desalojo arriskuan zegoela Egiluz jauregia. Otsailean izan zuten hutsarazte aginduaren berri, eta polizia indarrek duela bi egun egikaritu zuten ebazpena.

Identifikazioak eta isunak

Eraikinaren hustearen ostean, arratsaldean ehun pertsona inguru elkartu ziren Gipuzkoa plazan, "desalojoa eta polizia indarren esku hartzea salatzeko, eta gaztetxearen aldeko aldarria kaleratzeko". Une horretan ere bertaratu ziren ertzainak, eta gaztetxeko hainbat kideri ohartarazi zieten hainbat isun ezarriko dizkietela, "autoritateari errespetu falta" egotzita.

Bestalde, elkarretaratzean parte hartu zuten bi lagun identifikatu zituzten, argazkiak atera eta bideoak grabatzeagatik. Goizean beste lau idenfitikatu izan ziren: desalojoaren unean gaztetxe barruan zeuden bi kideak, eta babesa helaraztera hurbildu ziren bi pertsona.

Jabetza eta borondatea

Arratsaldeko elkarretaratzean, gaztetxeko kideek adierazi zuten gaztetxea "eragile garrantzitsua" izan dela Hondarribian azken hamar hilabeteetan, eta auzitan jarri zuten nor den espazioaren jabea. Salatu zuten "jabetza pribatuaren izenean" gauzatu duela hutsaraztea Poliziak, baita Hondarribiko Udalak negoziaketarako "borondaterik" izan ez duela ere. Izan ere, gaztetxea mantentzeko aukerari dagokionean, udalak uko egin diola azaldu dute, "segurtasuna aitzakiatzat hartuta".

Gaztetxe proiektuaren "zilegitasuna" abiapuntu, haren "beharrezkotasuna" berretsi zuten asanbladako kideek, eta elkartasuna adierazi zieten desalojo arriskuan dauden Legutioko (Araba) Desjabetuon Hotelari, Errotxapeako (Nafarroa) Gaztetxeari, eta atzo bertan hustua izan zen Zizurkilgo (Gipuzkoa) Kaxilda gaztetxeari.

Atzo ere, aldarria presente

Bart, hilak 6, gaztetxearen aldeko bertso saioa izan zen Hondarribiko Olagarro elkartean, Aitor Sarriegi, Jon Gurrutxaga eta Egoitz Zelaia bertsolarien eskutik. Gaztetxeko kideek bertan egin zuten martxoaren 21ko manifestazioaren deialdia, eta eraikina birjabetu zuten unetik polizia indarrek izan duten "jarrera bortitza" salatu zuten; "desalojoa barne".

"Gaztetxea hurbil sentitu duen orok erantzuteko garaia heldu" dela nabarmendu zuten, eta mahai gainean jarri zuten "gaztetxeen arteko saretzea antolatzeko beharra".

EZ DAGO IRUZKINIK