AKTUALITATEA / Langile kontrolpeko espazioak

Gernikako Udalaren gezurrei erantzun die Egurre Gazte Asanbladak

Gernikako Gaztetxeari buruzko agerraldi bat egin zuen atzo Gorroñok, baina hark esandakoak banan-banan gezurtatu ditu Egurrek: "Egoera gatazkatsua bultzatzen ari den bakarra udala da, inongo alternatibarik gabe desalojatu nahi gaituela adieraziz".
2026eko irailaren 2 - 06:27
Gernikako Udalaren gezurrei erantzun die Egurre Gazte Asanbladak
Gaztetxearen aldeko ekintza joan den abuztuan.

Gaur-gaurkoz arriskuan dago Gernikako Gaztetxea, bertan liburutegi bat kokatzea aitzakiatzat hartuta, eraikina hustu eta obra batzuei ekin nahi baitie udalak (Guztiontzako Herria), Gaztetxeak bere jardunarekin jarraitu ahal izateko bermerik gabe. Azken hilabeteetan Gaztetxearen aldeko aldarriak hartu duen indarra ikusita, gaiaren inguruan hitz egiteko agerraldi bat egin zuen atzo Jose Mari Gorroño alkateak, eta Egurre Gazte Asanbladak salatu duenez, errepresio ekonomikoarekin mehatxatu eta gezur ugari esan zituen bertan: "Errealitatea desitxuratzeko saiakera argi bat iruditzen zaizkigu esandakoak". Horiek horrela, Gorroñoren adierazpenak puntuz puntu gezurtatu dituzte gazteek.

Gernikako Udala legez kontra aritu izan da

Alkateak prentsaurrekoan defendatu zuen udalak "marko legalaren baitan" jardun duela beti, baina faltsua da hori: ekainaren 15ean, adibidez, Gaztetxea legez kontra desalojatzen saiatu ziren, bat-batean eraikineko ateko sarraila aldatuz. "Bertaratutako gazteen erantzunagatik izan ez balitz, desalojo ilegal bat gauzatuko litzateke".

Eta ez hori bakarrik: gazte-asanbladak gogorarazi du liburutegia ipintzeko obren prozesua "irregularitate ugariz" josia dagoela. Izan ere, udalak ez du "espazioaren erabilgarritasuna bermatu" eta ez ditu "obren kontratua eta esleipena publiko egin".

Abuztuaren 24ko gertakariak ere ekarri ditu gogora Egurrek: "Udala uda osoa egon da abuztuaren 24an kanpora joango ginela agintzen, eta egun horretan batutako gazte guztiengatik ez balitz, obra egingo duen enpresaren etorrerarekin batera kanporatuak izan gintezkeen, inongo prozedura legalik gabe". "Ez gara gu izango ordena kapitalista mantentzeko inposatutako legediaren defendatzaileak, baina udalaren hipokrisia seinalatu beharra dago", azaldu du.

Gaztetxea interes orokorrei erantzuten dien proiektu bat dela aldarrikatu du gazte-asanbladak

Atzoko agerraldian, Gorroñok esan zuen "interes orokorreko proiektu bat oztopatzen" ari direla gazte-asanbladakoak; alegia, liburutegia egiteko proiektuaren kontra egotea leporatu zien alkateak. Gazteek, baina, oroitarazi dute udalak berak eduki duela geldirik proiektu hori hogei urtez, eta gazteek "urte luzez hutsik egon den espazio horri Gaztetxe gisa bizia eman" diotenean berrartu duela proiektua bat-batean.

"Gaztetxe proiektuak talde baten interes partikularrak ordezkatzen dituela esatea gezurra da. Modu irekian antolatzen den asanblada bat gara, eta gazte oro dago bertan parte hartzera gonbidatuta. Gainera, herriari begirako ekimen asko antolatzen ditugu", argitu dute bestalde Egurretik. Xehatu dute, bestalde, liburutegia Pasealekuan kokatzeko aukerak kezka sortu duela herriko hainbat eragileren artean, eta plan hori ez dela, agian, "Gorroñok dioen bezain interes orokorrekoa".

Udala izan da alternatibak baztertu dituena

Gorroñok negoziatzeko borondate falta ere egotzi zion gazte-asanbladari atzokoan, baina hark jakinarazi du udala izan dela Gaztetxeak bere jardunarekin jarraitu ahal izateko alternatibak baztertu dituena. "Udalak alternatiba erreal bat soilik aurkeztu du: Bekoibarra kaleko eraikina", diote gazteek: "Gu hasieratik gaude negoziaziorako prest, eta Bekoibarra kaleko alternatiba begi onez ikusten dugu, baina ez dugu ate bat zarratuko beste bat zabalduta izan arte".

Are gehiago: salatu dute udala bera izan dela duela bi aste alternatiba hori bertan behera utzi eta negoziazio-mahaia hautsi zuena. "Abuztuaren 24an udaletxean egindako eserialdia horretarako izan zen hain zuzen, negoziazioak berrabiaraztea eskatzeko", gogorarazi dute.

Egurreren esanetan, "egoera gatazkatsua bultzatzen ari den bakarra udala da, inongo alternatibarik gabe desalojatu nahi gaituela adieraziz". Eta gehitu du: "Gorroño Gaztetxea vs liburutegia irudia sustatzen ari da. Hala ere, bi proiektuak bateragarriak direla uste dugu, eta eskua luzatzen dugu alternatibaren inguruko negoziazioak berrabiarazi eta adostasunetara iristeko". Udalari exijitu dio, hala, "alternatiba izan daitekeen eraikin bat erosi" dezala eta "bertan Gaztetxe proiektua bizirik mantentzeko konpromisoa hartu" dezala.