AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Confidencia Digital
2024/02/23 11:50

Gero eta ikerketa gehiagok ohartarazten dute ikasle orok ez dituela baldintza berberak ikasketa-prozesuan aurrera egiterakoan. Egindako azkenak, aurreko hamarkadan Madrilgo Erkidegoan egindako diagnosi-proben analisian oinarrituta, honakoa adierazten du: klase sozioekonomiko altuko bederatzi urteko haur batek, batez beste, ia bi mailako aldea ateratzen dio klase baxuko beste haur bati.

José Montalbán Stockholmeko Unibertsitateko irakasleak eta Jénifer Ruiz Valenzuela Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak egindako ikerketak erakutsi du maila sozioekonomiko handieneko ikasleek emaitza hobeak lortzen dituztela. Irakasgai guztietan gertatzen da hori, aztertutako hiru hezkuntza-mailetan. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan, maila sozioekonomiko apaleko eta altuko ikasleen arteko aldea %58koa da matematikan, eta %55ekoa hizkuntzetan. Desberdintasun horiek ia bi urteko eskolatzearen baliokide dira, izan ere, onartu ohi da %33ko desbideratzea ikasturte oso baten baliokidea dela.

Igoera ez da berdina izan sistema publikoan eta ikastetxe pribatu zein itundunetan. 2011-2022 urteen artean, sistema publikoan, %12,75etik %22,9ra igaro da, eta zentro pribatu nahiz itundunetan, berriz, %15,5etik %29,5era

Sarbide-notak

Batxilergoaren eta USEren (Unibertsitaterako Sarbide-Ebaluazioa, lehengo selektibitatea) azken kalifikazioetan, gero eta puntuazio handiagoak ikusten dira Espainiako Estatuan. Horrek, ordea, ez du esan nahi oraingo ikasleak duela hamar urtekoak baino hobeki prestaturik daudenik: azken sei ikasturteetan, nabarmen handitu da batxilergoa gainditzen duten ikasleen ehunekoa, batez beste bikaintasun-maila lortu baita. Igoera, baina, ez da berdina izan sistema publikoan eta ikastetxe pribatu zein itundunetan. 2011-2022 urteen artean, sistema publikoan, %12,75etik %22,9ra igaro da, eta zentro pribatu nahiz itundunetan, berriz, %15,5etik %29,5era.

Azken hamarkadan, USE gainditu dutenen kopuruak gora egin du, baina goranzko joera hori, gainditutakoekin ez ezik, batez besteko notekin ere gertatu da. Adibide gisa, 2012-2013 ikasturtean, batez besteko nota 6,21ekoa zen, eta 2020-2021 ikasturtean, berriz, 7,23koa. Gainera, USEn bikaintasun-maila (9-10 artean, hautazkoak kontuan hartu gabe) lortu dutenen kopuruak ere gora egin du. Duela zortzi urte, kalifikazio maximo hori lortu zutenak %3 ziren; 2022an, berriz, ehunekoa %7,4ra igo zen, hau da, bikoiztu baino gehiago egin zen.

Duela zortzi urte, kalifikazio maximoa lortu zutenak %3 ziren; 2022an, berriz, ehunekoa %7,4ra igo zen

Batxilergoan emaitza bikain horiek lortu dituzten ikasle gehienak, ordea, euren batez besteko notak nabarmen txikitu direla ohartzen dira USE egiterakoan. Fase orokorrean, 9tik 10era bitarteko kalifikazioak izugarri jaisten dira: institutu publikoetako ikasleen %6,5ek, ikastetxe pribatuetako ikasleen %9k eta itunpekoen %7,3k baino ez zuten lortu kalifikazio hori 2022an. Espedienteko eta selektibitateko noten arteko desoreka horrek eskola pribatuari egiten dio mesede bereziki, unibertsitatera sartzeko nota kalkulatzeko orduan; %60-%40ko formula aplikatzerakoan. Azken sarbide-notari dagokionez, ikasle pribatuen %19k atera dituzte emaitza bikainak; %16,2 dira itunpekoan eta %12,8 publikoan.

Eta unibertsitatean, zer?

Madrilgo Konplutentse Unibertsitateak egindako azterlan batek argitasun pixka bat ematen dio galdera horri, eta erakusten du institutu publikoetan graduatutako ikasleek %63 aldiz aukera handiagoa dutela unibertsitatean emaitza onak lortzeko, ikastetxe pribatu edo itunpeko pribatu batetik datozenek baino. Ikerketaren egileen artean hainbat arrazoi nabarmentzen dituzte ezberdintasun hori azaltzeko; horien artean, publikotik datozen ikasleek unibertsitatera hobeto egokitzeko gaitasuna izatea, ikasketa-prozesuan zehar ez dutelako pribatuetakoek bezainbeste baliabide eduki edota ikastetxe pribatuetan notak faltsuki puzten direlako.

Institutu publikoetan graduatutako ikasleek %63 aldiz aukera handiagoa dutel unibertsitatean emaitza onak lortzeko
EZ DAGO IRUZKINIK