Maiatzaren Lehenean, gerra inperialistaren aurkako manifestazio nazionala egingo du EHKSk Iruñean

Maiatzaren Lehenean gerra inperialistaren aurka Iruñean mobilizatuko da Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS). Maiatzaren 1a Langileon Nazioarteko Eguna izanik, inoiz baino premiazkoagotzat jo dute langileria berriz ere "nazioarteko indar" bilakatzea, etsaiei "neurri berdinean" aurre egiteko. Hari horri tiraka gehitu dute "mundu erdia suntsitzen" eta "beste erdia" krisialdi betean sartzen ari dela Amerikako Estatu Batuak eta Israel buru dituen Mendebaldeko oligarkia: "Manifestazio honetan NATOren, Europar Batasunaren eta sionismoaren kontra mobilizatuko gara. Horien guztien aurka eta alternatiba sozialistaren alde".

Bozeramaileen hitzetan, Mendebaldeko blokea "aterabide gerrazalea" ematen ari zaio Mendebaldeko inperialismoaren krisiari, "kapitalismoaren historian hainbestetan" gertatu bezala: "AEBetatik eta Israeletik gidaturiko ofentsibaren barruan NATO eta Europako Batasuna, Europako Batzordeak gidatuta, erabat mendean hartuta daudela ikusten ari gara. Kapitalismoaren aurpegi gordinena ikusten ari gara, maskararik gabe: indartsuenaren legea". 

Aurpegi gordinena

Iruñean egindako agerraldian ekarri dute gogora kapitalismoaren historia guztia "bortxaz eta indarkeriaz" idatzi dela, "aldi berean" narratiba zaintzen ahalegindu eta inperioaren mugetan egonkortasun-faseak existitu badira ere. Gaur egun inperialismo atlantista "dekadentzian ageri" dela uste dute, eta horren adibideak zerrendatu: "Ekialde Hurbila gerraren eta genozidioaren erakusleiho bilakatu dute. Presidenteak bahitzen dituzte, Maduro bezala; kubatarrak gosez hiltzen ari dira blokeo kriminalaren ondorioz. Hauxe da dekadentzian dagoen inperialismoaren errezeta: langileriaren pobretzea, gerra eta heriotza".

Mundua "gerra-testuinguru" batera eraman dutela seinalatu dute, eta inperialismo atlantistaren porrota aldarrikatu: "Inperialismo atlantista da gerra-testuinguru hau sustatzen ari dena, genozidioak gauzatzen ari dena edota Mendebaldeko langileria krisialdi betean sartzen ari dena. Era berean, Ekialde Hurbileko erresistentziaren defentsa-eskubidea aldarrikatzen dugu". 

Ondorioak, langile-klaseak

Testuinguru horretan, langileriak Mendebaldean "erreferente falta nabarmena" duelakoan dago EHKS: "Krisiaren eta gerraren albo-kalteak guregana iristen hasi dira. Soldaten aurkako zuzeneko erasoa gauzatzear dago Mendebaldeko oligarkia. Europako langileriarentzako ondorio larriak izango ditu gerrak". Azaldu dute, hain zuzen ere, gorakada belikoa azkartuz gero, krisia are gehiago bizkortuko dela: "Enpresen itxierak edota Aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espedienteak, batetik, eta bizitzaren garestitzea, bestetik; Irango gerraren berehalako ondorioak izaten ari dira". Eta horren lekukotzat dute erregaien prezioaren igoera ere. 

Zentzu horretan seinalatu dute gaur egungo ezkerra ez dela gai langileriaren arazoei erantzuteko, eta alternatiba iraultzailea berpizteko unea dela: "Arriskua dago pentsatzeko nor bere baitan gotortuz gero aterabidea emango diegula langileriaren arazoei, gutxienez, nork bere naziokoei. Gaitz txikienaren logikatik atera eta alternatiba iraultzailea berpizteko unea da. Langileria nazioartean egituratzea da egungo gauzen egoera iraultzeko aterabide bakarra". 

Gerra inperialistaren aurka

Amaitzeko, gogora ekarri dute aldarria: "EHKStik ezetz esaten diogu inperialismoari eta haren gerrei zein genozidioei. Baietz esaten diogu erresistentziari, eta baietz Europako langileriaren batasunari". Hori horrela, Euskal Herriko langileria mobilizatzera deitu eta mezua azpimarratu dute: "Eredu izan behar dugu gerra inperialistaren aurkako borrokan. Sozialismoa nazioartean egituratzera bidean horrelako mobilizazioek mugarri txikiak jarri behar dituzte".

EHKSk beharrezkotzat jo du "indarrak batzen" jarraitzea "bizitzaren garestitzearen aurka, lan-kaleratzeen aurka zein inperialisten gerren aurka"; eta nabarmendu du sozialismoa dela "guztion ongizatea eta bakean bizitzeko bermeak" ematen dituen sistema bakarra.