Gaurko dago ezarrita Madrilgo La Ferroviaria Zentro Sozial Autogestionatuaren hustea. Arganzuelako distrituan dago zentroa, eta Retail Company 2021 (Santander bankuaren pantaila-enpresa bat) da eraikinaren legezko jabea. Santanderrek "bide guztiak agortu eta desalojoa azkartu" duela azaldu zuten La Ferroviariako kideek joan den urtarrilean, eta huste-dataren berri eman zuten: martxoaren 13a, gaurko eguna.
Espainiako Poliziak goizeko aurreneko ordutik osatu du polizia-lerroa, eta Ferroviaria ingurua hartu du. Dena den, zentroko kideen deiarekin bat eginez, 07:30erako bertaratu dira ehunka lagun, desalojoaren kontra protesta egiteko.
Hiru urte daramatza zabalik La Ferroviariak. 2021etik izan du martxan "jardun politikoa, soziala, auzokoa eta kulturala". Duela urtebete izan zuen desalojo-prozesuaren berri, igorritako jakinarazpen baten bidez. Dena den, azken urtean ere "topaketa-, borroka- eta eztabaida-gune" garrantzitsu bat izan da zentroa; "Madrilen antolaketa kolektiboa gauzatzeko erreferentzia-gune bat".
L'Obrera, eraitsia
Bestalde, gaur izan da Sabadellgo L'Obrera zentro sozialaren behin betiko hustea, eta hura eraisteko lanak hasi dituzte jada. Aurrez defentsa antolatuari esker desalojoa geratzea lortu ostean, gaur hustu dute espazioa. Mossoek ingurua itxi dute goizean goiz, eta jarraian ekin diote eraikina botatzeari.
2015eko Maiatzaren Lehenean birjabetu zuten espazioa Sabadellen, zentro sozial bilakatzeko. Nedax taldeak eskatu du hustea, "langile-klasearen gaitasunetik kanpo egongo diren pisu batzuk" eraiki ahal izateko, L'Obrerako kideek azaldu dutenez. Protesta bat antolatu dute gaur arratsalderako: 19:00etan bilduko dira, L'Obreran bertan.