Gaur eta bihar, Moratalazko komisaria nagusian aurkeztu beharko dira Kontrakorronteko (Contracorriente) hiru militante eta Ikasle Sindikatuko (Sindicato de Estudiantes) beste hiru kide, Espainiako Poliziak deklaratzera deitu ondoren. Telefonoz hots egitean, poliziek ez dizkiete deklaratu behar izateko arrazoiak zehaztu, baina badirudi Ivan Espinosa de los Monterosen aurka Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean egindako protesta bat dela zitazioaren arrazoia. Ikasle-mugimenduak ohartarazi du areagotu egin direla halako neurri errepresiboak, eta antzeko egoerak izan direla beste unibertsitate batzuetan ere, Granada kasu.
Ikasle-antolakundeek salatu dute, hala, "ikasleen eskubideen aurkako erasoaldi errepresiboa" izaten ari dela. Azken zitazio horretaz gain, campusak militarizatzen ari direla eta askotariko manifestazioetara istiluen aurkako polizia-indarrak bertaratu direla seinalatu dute. Haien esanetan, baina, halako esku-hartzeek eta errepresioak "gorroto-diskurtsoen aurka agertzeko eskubidea defendatzen dutenak beldurtzea beste helbururik ez dute". Gainera, kolektibo sozialen, sindikatuen eta faxismoaren aurkako mugimenduen babesa eskatu dute. Errepresioa salatzeko, prentsaurreko batera deitu dute gaur goizerako, Moratalazko polizia-etxearen aurrean.
Espinosa de los Monteros Vox alderdi faxistaren bozeramaile izan zen Espainiako Diputatuen Kongresuan, 2019tik 2023ra bitartean, Pepa Millanek ordezkatu aurretik. Gaur egun, higiezinen promotore eta aholkulari gisa aritzen da.