AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / GALE
2023/11/13 11:31

Frantziako Gobernuak 2022ko martxoan jarri zuen martxan Lyongo eta Inguruetako Talde Antifa (Groupe Antifa Lyon et Environs, GALE siglen bidez ezaguna) talde antifaxistaren desegite-prozesua, eta hilabete horren amaieran jakinarazi zuen, hain zuzen ere, indarrez desagerraraziko zuela taldea Barne Ministerioak. Argudio nagusitzat hartu zuen taldeak polizia-indarren eta horien indarkeriaren kontra hartutako posizio politikoa.

Iaz salatu zutenez, 40 urtean aurreneko aldiz erabaki zuen gobernuak ezkerreko talde bat behin betiko desegitea, 1936an idatzitako agiri bat hartu zuen oinarritzat hartuta. Ironikoa badirudi ere, berez, talde faxisten indarkeriari aurre egiteko tresna modura egin zen idatzi hori.

Frantziako Estatu Kontseiluak GALE taldearen desegitea deuseztatu zuen 2022ko maiatzean, baina kontrako jarrera hartu du aurtengo azaroan: berretsi eta babestu egin du talde antifaxista desagerrarazteko hautua. Administrazio auzitegiak hala dio azaroaren 9an igorritako ebazpenean: "Lyongo eta Inguruetako Talde Antifak Poliziako agenteen kontrako indarkeria-irudiak argitaratu ditu, gorroto- eta irain-mezuekin batera, edo eskuin muturrekoen aurkako indarkeria larria babesten eta justifikatzen duten mezuekin batera". Hori dela-eta, auzitegiak ebatzi du "ez zela legez kontrakoa" izan GALEren desegitea, "L. 212-1 artikuluko 1. atalean oinarrituta".

Azaroaren 9an, beste bi talderen desagerraraztea ere berretsi zuen Estatu Kontseiluak: Arrazismoaren eta Islamofobiaren kontrako Koordinazioarena (CRI, frantsesezko sigletan) eta Alvario talde faxistarena. 2021ean desegin zituzten biak.

Errepresioa eta Estatuaren faxistizazioa

2013ko urrian sortu zuten GALE talde antifaxista, Clément Méric militante antifaxista paristarraren erailketaren ostean. Estatu Kontseiluaren azken erabakia dela-eta, GALEk adierazi du aurrera jarraitzen duela "gure gizartearen faxistizazioaren aurka borroka egiten" dutenen kontrako jazarpenak. Horren adibidetzat jo ditu "islamofobiaren aurka borrokatzen duten edo kausa palestinarra defendatzen duten" taldeen aurkako erasoak, "Separatismoren Aurkako Legea" delakoari esker. "Estatu-errepresio testuinguru" hori guztia "Estatuaren faxistizazioarekin" lotu dute GALEko kideek, "iraganean ezagutu ahal izan den bezala": "Formak bilakaera bat izan badu, funtsak iraun egin du".

Lurraren Altxamenduak, desegiteko zorian

Frantziako Barne ministro Gérard Darmaninek joan den martxoan jakinarazi zuen Lurraren Altxamenduak kolektibo ekologista desegiteko asmoa zuela, eta hura legez kanpo uzteko prozedurari ekin zioten. Oraingoz, baina, atzera bota dute prozedura hori.

EZ DAGO IRUZKINIK