AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/02/11 07:47

Gasteizko Udala (PSOE) zigortu du berriz Lan Ikuskaritzak, aitortu baitu lorezaintzako langileen greba-eskubidea urratu zuela eta "arau hauste larria" egin zuela, grebalariak ordezkatu zituenean. Zehazki, irailaren 10eko gertakariak aztertu ditu Lan Ikuskaritzak: Olarizuko zelaietan erromeria bat ospatzekoa zenez eta lorezainen grebaren ondorioz belarra hazita zegoenez, udalak beste enpresa bateko bi langile kontratatu zituen "modu irregularrean", zelai horietan lan egin zezaten. Udaltzaingoak lagunduta jardun zuten bi pertsona horiek belarra zapaltzen, baita euren eskubideen defentsan greban zeuden lorezainen kexa artean ere.

Lorezaintzako beharginak, udalak azpikontratatutako Enviser enpresarentzat aritzen direnak, urte erdiz egon ziren greba mugagabean iaz, soldata-igoerak eta lanordu murrizketak exijitzeko, besteak beste. Hamaika eraso jasan zituzten enpresaren nahiz erakunde publikoen partetik, udala eta Eusko Jaurlaritza langileen borroka zapuzten saiatu baitziren grebalariak ordezkatuz, gutxieneko zerbitzu itogarriak ezarriz edo beharginak publikoki kriminalizatuz. Hala ere, tinko eutsi zioten grebari lorezainek, urrian akordio batera heldu ziren arte.

Irailaren 11n, greba-eskubideari eraso eginez udalak zenbait langile bidali zituenean Olarizura bigarren aldiz, protestara jo eta lanak gelditzea lortu zuten lorezainek. Plantillak erakutsitako jarrera irmoaren erakusle izan zen egun hori ere. Lan Ikuskaritzak, orain, seinalatu du udalak baldintza irregularretan kontratatu zituela bi langile berriak Olarizun jarduteko, Gizarte Segurantzan alta eman gabe baitzegoen bata eta gaixo-baimenean bestea, Berria-k azaldu duenez.

Udalaren ordezkapen-mugimenduen berri izatean, Lan Ikuskaritzara ere jo zuten sindikatuek, eta Olarizura bertaratu zen inspektoreak lanean ari ziren bi langileei agindu zien lanak geldi zitzatela. Udalak bere burua desenkusatu zuen esanez bi beharginak ez zirela belarra mozten ari, zapaltzen baizik. Hortik gutxira, baina, Ikuskaritzak berak zigortu zuen udala, "grebalariak ordezkatzen saiatzeagatik" eta, hortaz, "langileen eskubideak urratzeagatik". Orain, udalak kontratazioa "modu irregularrean" egin zuela ere ebatzi dute ikuskariek, PSOE buru duen erakundea bigarren aldiz zigortuz.

EZ DAGO IRUZKINIK