"Udal-debekua urratuz, ogitartekoak banatzen jarraitzen dute". Hala dio Lo que no te cuentan de Donosti (LQNTCDD) kanaletik atzo zabaldutako mezu batek, kale-egoeran dauden pertsonei jatekoa eman dieten herritar batzuk seinalatu eta salatari-lanak egin baititu berriz. Mezu horren barruan, bideo bat argitaratu zuen LQNTCDD-k, eta hainbat andre ikus daitezke bertan: beharra duten pertsonei ogitartekoak banatu izana leporatzen die LQNTCDD-k, eta, horrexegatik, andre horien aurpegiak zabaldu eta Donostiako zein gunetan aritu omen diren zehazten da mezuan.
Honakoa ez da kanal erreakzionario horrek Kaleko Afari Solidarioen (KAS) moduko ekimen solidarioak eta kale-egoeran dagoen jendearekin elkartasunez jarduten duten boluntarioak kriminalizatzen dituen lehen aldia, inondik inora ere. Are: LQNTCDD izan da, PP alderdiaren eskutik besteak beste, afari solidarioak debekatu ditzatela eskatu duen eragile nagusietako bat, baita KASeko boluntarioak eta afari bila hurbildu izan diren pertsonak gehien jazarri dituen eragileetako bat ere. Donostiako Udalak (EAJ) ultraeskuinak egindako eskaerari men egin eta afari solidarioak debekatu zituenean, 300 bat pertsona oinarrizko otordurik gabe utziz, erabakia ospatu zuten bai LQNTCDD-k bai PPk, besteren artean.
Joan den ostegunean, protesta jendetsu bat izan zen Donostian, baliabiderik gabe dauden pertsonei jatekoa ematen aritzen diren herritarrek jasandako jazarpen poliziala gaitzesteko.