AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ikasleen eta gazteen manifestazioa Lizarran, urtarrilaren 30ean.
2020/04/24 15:04
Apirilean, Lizarrako (Nafarroa) Ikasle Abertzaleakek hainbat inkesta helarazi zizkien Lizarraldeko BHI ikastetxeko, Lizarrako Ikastolako eta Politeknikoko ikasleei. Galdetegi horien bitartez, salbuespen egoera medio, hezkuntza eremuan ezarri diren neurriek ikasleriarengan izan duten eragina ezagutzea zen asmoa. Izan ere, aurrera jarraitu du ikasturteak, eta aurretik ezagutzen ez zituzten bitartekoak erabiltzera behartu dituzte ikasleak. Inkestan jasotako emaitzen arabera, "segurtasun eza", "estresa" nahiz "amorrua" nagusitu dira haien artean.

ESKAERA ZEHATZAK ZUZENDARITZEI

Galdetegien bidez bildutako erantzunak aztertu ondoren, Lizarran ere "langileen klaseko ikasleen defentsarako plana" martxan jartzea beharrezkoa dela ebatzi dute IAk eta Lizarraldeko Ikasle Autodefentsa Sareak. Hala, ikasle langileen interesen defentsan, hainbat eskaera helarazi dizkiete Lizarraldeko BHI ikastetxeko eta Lizarrako Ikastolako zuzendaritzei, eta sinadura bilketa bat ere abiatu dute, exijentzia horiei babesa eman ahal izateko.

Batetik, "ebaluazio irizpideak egokitu" behar direla adierazi dute LIASek eta IAk. Adierazi dute ez dela nahikoa orain arte egindako lanen eta azterketen balioa kontuan hartzea soilik, eta behin irizpideen egokitzapena gauzatzean, ikasleei "lehenbailen adieraztea" eskatu dute.

Bestetik, "online klaseetara ez konektatzeagatik edo berandutzeagatik" ipintzen dituzten faltak bertan behera uztea galdegin dute. Gainera, abisuak egotekotan, lehenengo kontaktua ikasleek izatea exijitu dute, gurasoek edo tutoreek beharrean. Izan ere, abisu horiek "mehatxuak edo presio mekanismoak" izan ordez, laguntzeko tresnak izan behar luketela iritzi diote.

"Lan kargaren zentzuzko kudeaketa" bat ere eskatu dute ikasleek, ordutegiak errespetatuz eta "klase orduetan egiten diren lanak" eskola orduetatik kanpo pilatzea ekidinez. Lan kargaren zentzuzko banaketa, "irakasleen arteko" koordinazioaren bidez egin daitekeela proposatu dute. Atsedenaldien beharra azpimarratu dute.

Azkenik, irakasleek ikasleekin duten jarrerari dagokionez, "laguntzarako eta egokia izatea" exijitu dute. Azalpenak ikasle guztiek ulertu dituztela ziurtatzea eta hala izateko ulermenerako erraztasunak ematea beharrezkotzat jo dute, eta horretarako, "ikasleen eta irakasleen arteko komunikaziorako bideak bermatzea" ezinbestekoa dela uste dute.

LIASeko eta IAko kideek adierazi dutenez, "egoera txar" honek "inoiz baino argiago" erakusten du egungo hezkuntza-sistema "ez dagoela ikasleon interes errealei erantzuteko". Hortaz, antolatzeko eta defendatzeko deia egin dute.
EZ DAGO IRUZKINIK