AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / estella.info
2024/01/31 12:03

Bi aste baino gutxiago geratzen dira Lizarran (Nafarroa) ere inauterietako ospakizunak hasteko, baina, jaiaren atarian, Lizarrako Udalaren (UPN) partetik jasaten ari diren oztopoak salatu dituzte Herri Inauterietako Asanbladak eta 95eko Kintak. Biak dira, hain zuzen ere, Festagiro izeneko batzordearen parte. Ohartarazi dute, lehenik eta behin, "garrantzi handia" dutela gaur egun herriko inauteriek, eta "azpiegitura handiak zein udal baliabide ugari" erabili behar izatea dakarrela horrek. Une honetan, bada, zalantzan daude aurtengo inauterietako ospakizunak, udal gobernuak traba ugari jarri dizkiela jakinarazi baitute aipatutako bi kolektiboek.

Oztopo horien artean, azpimarra egin diote udalak baliabide publikoak ukatu izanari: udal gobernuak ez dizkie utzi inauterietarako eskatutako udal baliabideak. "Ez da lehen aldia udalak kolektiboei printzipioz guztionak diren baliabideak modu arbitrarioan ukatzen dizkiena. Gure kasua bat gehiago da hirian aspaldidanik bizi dugun errealitatean", azaldu dute Herri Inauterietako Asanbladak eta 95eko Kintak. Esan dute, gainera, orokorrean dela nabarmena "Lizarrako udal azpiegitura falta". 

Erantzun ofizialik ez eta, azkenean, ukatutako baliabideak

Antolatzaileek azaroaren amaieran esan zioten udalari zer baliabide beharko zituzten aurtengo inauterietarako. Hilabete igaro eta udalaren erantzunik ez zeukatela ikustean, udaletxera joan eta haiek egin behar izan zuten presioa, eta horrela baino ez zuten lortu Kultura zinegotziarekin (UPN) biltzea. Orduan eman zieten aditzera (ez modu ofizialean) aurten ez zietela utziko Lizarra pilotalekua erabiltzen; inauterietarako ezinbestekoa izan den azpiegitura nagusietako bat.

Bazkari herrikoia egiteko antolatzaileek alternatiba bat lortu duten arren (Remontibal pilotalekua), ez dute azpiegiturarik eskuratu Inauteri Koloretsuei lotutako ekimenetarako, ez baitie inolako proposamenik egin udalak; beraz, eguraldi txarra egiten badu, bertan behera utzi beharko dituzte hitzordu horiek. Eta jarri dizkieten oztopoak ez dira soilik azpiegiturari eta espazioei buruzkoak izan; bestelako baliabide batzuk ere ukatu dizkiete.

Herri Inauterietako Asanbladak eta 95eko Kintak seinalatu dute, bestalde, ez dutela udalaren erantzun ofizialik jaso urtarrilaren 25era arte. Horrek ondorioak izan ditu; esaterako, inauteriak prestatu ahal izateko dirulaguntzaren %80 falta zaie jasotzeko antolatzaileei. "Jarduerak aurrera eraman" ahal izateko, beraz, haiek aurreratu behar izan dute dirua.

Salaketa eta exijentziak

Udal gobernuak "inauteriak aurrera ateratzeko" duen "borondate eza" salatu dute bi kolektiboek, baita festa horiei lotutako "kudeaketa eza" ere. UPNk gidatutako udalari presioa egin diote berriz, festen antolatzaileek egindako eskaerak onar ditzan. Zehazki, hainbat exijentzia egin dizkiote udalari, aurtengo inauteriei begira; besteak beste, Inauteri Koloretsuak edota Herri Inauterietako bazkaria ospatu ahal izateko bermeak eta erraztasunak.

Herri Inauterietako Asanbladako eta 95eko Kintako kideek adierazi dute, dena den, jasandako trabak ez direla kasu bakan bat. Iritzi diote orokorra dela "Lizarrako kolektibo eta gizabanako guztientzako espazio eskuragarrien gabezia", eta horren isla dela aurtengo inauterien atarian gertatutakoa.

EZ DAGO IRUZKINIK