AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Miasako hainbat langileek gose grebara jo zuten 2015ean, haien lan-baldintzen defentsan. Argazkia: LAB
2021/02/11 10:21

Kaleratze masibo gehiago iragarri dituzte Nafarroan: oraingoan, automozio arloko Miasa enpresak jakinarazi du likidazioan sartu dela, eta Landabengo (Iruñea, Nafarroa) planta horretan soldatapean jarduten duten 95 langileak kaleratzea dela zuzendaritzaren asmoa. Likidazio eskaera aurkeztu du jada merkataritza arloko epaitegian eta, antza, aurki aurkeztuko du behargin guztien lan-kontratuak eteteko enplegu-erregulazioko espedientea ere. Zuzendaritzaren arabera, pixkanaka gauzatuko ditu kaleratzeak.

CCOO sindikatuak du gehiengoa Landabengo plantan. Ohar bidez adierazi du zein den haren "helburua": "Kaleratzeak ahalik eta baldintza onenetan egin daitezen negoziatzea eta borrokatzea". Dena den, Nafarroako Industria arloko idazkari Josema Romeok dio aztertu egingo dutela Landabengo plantaren "zati batek" "irauteko" aukera.

Greba urtarrilean

Hartzekodunen lehiaketa izan da martxan iragarpen honen aurretik, eta joan den abenduaren 31n agortu zen zuzendaritzak eta sindikatuek sinatutako hitzarmenaren epea. 2015-2017 urteetarako sinatu zen hitzarmen hori eta, gero, luzapena ezarri. Horren harira, azken asteetan negoziatzen aritu dira zuzendaritza, lehiaketaren administratzailea eta sindikatuak.

Akordioaren barruan, langileen soldatak %20 eta %30 artean jaistea proposatu zuen zuzendaritzak, besteak beste. Langileen ordezkariek eskatu zuten lantegiaren iraupena bermatzeko, baina ez zuen konpromiso hori hartu enpresak. Urtarrila amaieran grebari ekin zioten beharginek, salatu baitzuten negoziaketetan "atzerapauso bat" ematen ari zela zuzendaritza langileen "eskubideei" zegokienez.

Kaleratze eta urraketa gehiago

2015ean ere jo zuten greba mugagabera Miasako langileek, haien lan-baldintzen defentsan. Protesten artean, hainbat langilek gose greba egin zuten, garai hartan enpresako zuzendaritzak hitzarmena erdiesteko zuen "borondate falta" salatzeko.

Bestalde, 2018an, 23 langile kanporatzea erabaki zuen zuzendaritzak, "ekoizpenari lotutako arrazoiak" argudiatuta. Epaitegietan helegitea aurkeztu zuten beharginek baina, iazko abenduan jakinarazi zutenez, epaileek atzera bota zuten galdea.

Duela 52 urte ekin zion jardunari Landabengo Miasak, eta Huarte sendia da jabea. Beste hainbat industria enpresa eduki izan dituzte Nafarroan. Langileek aurretik ere salatu zuten Miasa beste hainbat lekutara ari zela ekoizpena bideratzen, besteak beste, Txinara eta AEBetara.