AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/26 15:00

Animalien Ongizatearen Behatokiak (OBA) azterketa bat egin du berriki Espainiako Estatuan. Besteak beste, Lidl dendetan saltzen dituzten oilasko-bularkien kalitatea ikertu du, eta emaitzak argiak dira: kalitate txarrekoak dira nagusiki.

Hamazazpi autonomia erkidegotan banatutako 321 saltokitan egin du ikerketa OBAk, alegia, Alemaniako enpresak Espainiako Estatuan dituen denden ia erdian (%48). Denera, 6.097 oilasko-bularki bandejatatik hartu ditu laginak, eta topatu du ia guztiak zetozela "anomaliak" edo nolabaiteko arazoak zituzten oilaskoengandik. Hain zuzen ere, laginen %98rekin gertatu da hori.

Bularkietan estria zuriak deiturikoak aurkitu ditu aipatutako behatokiak, batez ere. Azaldu duenez, badirudi patologia hori ez dela zuzenean kaltegarria gizakien osasunerako, baina gaixotasuntzat jotzen da: animalien "muskulu-anomaliei" lotutako gaitz bat da estria zuriek erakusten dutena. Hain zuzen ere, animalien hazte azkarrarekin dauka zerikusia, muskuluaren etengabeko eraketa-aldaerak eragiten baitu. Hegaztiei ezarritako baldintza eskasak eman ditzake ulertzera.

Besteak beste, haragiaren kalitatean eragiten du gaitz horrek. %224 grasa gehiago sortzen du, baita kaloria gehiago ere %7 eta %21 artean). Gainera, nabarmen murrizten du nutrizio-balioa: %10 jaisten du kolageno kantitatea, eta %9 proteina kantitatea.

OBAk Espainiako Kontsumo Ministerioari eta Nekazaritza Ministerioari eman die ikerketaren berri, eta haragiaren kalitatea bermatzeko neurriak eskatu ditu. Beste herrialde batzuetako elkarteek ere aurkitu dituzte arazoak Lidl enpresak saltzen duen haragian, eta horren harira jarri zuen martxan azterketa OBAk.

Konpainiak ez du, oraingoz, bat egin Oilaskoaren Europako Konpromisoarekin. Nazioarteko itun horrek gutxieneko hainbat irizpide eta baldintza ezartzen ditu, hegaztien baldintzei dagokienez.

EZ DAGO IRUZKINIK