AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Folha-UOL
2023/07/20 09:47

Bi urte igaro dira Hungariako Gobernuaren legeak polemika piztu zuenetik: debekatu egin zuen homosexualitatea eta transexualitatea "erakustea edo sustatzea", adingabeentzako edukietan. Legea, berez, pedofiliari aurre egiteko eta haurren kontrako sexu-erasoak gogorrago zigortzeko atera zuten mahaira. Legeari egindako emendakinekin, baina, eraso horiek homosexualitatearekin eta transexualitatearekin lotu zituzten azkenean.

Neurri zehatzen artean, gobernuak debekatu egin zuen ikastetxeetan homosexualitatearen inguruan mintzatzea, eta sexu-heziketari lotutako gaiak lantzeko aukera ere aditu gutxi batzuei baimendu zien. Enpresei, bestalde, debekua jarri zieten euren iragarkietan "homosexualitatea babesteko"; adingabeei zuzendutako iragarkiak direla irizten bada.

Eta liburuetaraino ere eraman du debeku hori Viktor Orban buru duen gobernuak. Oraintsu jakinarazi dute, esaterako, 32.000 euroko isun bat jarri diotela Hungariako liburu denda bati, harreman homosexual bati buruz hitz egiten duen liburu bat saltzeagatik. Zehazki, Heartstopper izeneko eleberri grafikoa jarri dute jopuntuan: bi adingaberen arteko maitasun istorio bat du hizpide. Liburua, "homosexualitatea irudikatzen duen arren", gazteentzako sailean "enbalaje hermetiko batek babestu gabe" eskaintzen zela salatu du gobernuak.

Orain arte, eduki pornografikoei eta komedia erromantikoei aplikatu zaie lege hori, baina ez da hain ohikoa izan liburu dendei eragitea. Eta honakoa ez da Hungariako Gobernuak azken urteetan hartu duen neurri bakarra izan: genero-ikasketak bertan behera utzi ditu, erregistro zibilean jasotako sexu-identitatea aldatzea galarazi du, eta haurrak adopzioan hartzea debekatu die bikote homosexualei.

EZ DAGO IRUZKINIK