AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Alamy
2024/09/30 21:31

Lurreko inbasio baterako prestaketa-lanak egin ostean, bart iritsi da unea: Lerro Urdina gainditu eta Libanora sartu zen armada sionista. Nahasia izan zen atzo gauean argitara ateratako informazioa, baina, itxura denez, mugatik hurbil dauden hainbat eremu intentsitate handiz bonbardatu ostean gurutzatu zuten muga Israelgo Estatuko hainbat soldaduk, lurreko erasoaldi bati hasiera emanez Libano hegoaldean.

Badirudi Libanoko Armadak alde egin zuela mugako hainbat posizio militarretatik, eta horren ondoren sartu zirela zonaldera sionistak. Israelgo Estatu terroristak, baina, momentuz ekidin egin du lurreko inbasio bat hasi duela esatea: lurreko operazio militar "mugatu eta selektibo bat" izango dela adierazi du. Hala nabarmendu dute Amerikako Estatu Batuek ere.

Izan ere, zenbait iturriren ustez, hori adierazteak marjina ematen die sionistei lurreko erasoak probatzeko. Huts egiten badute, nolabait esateko, ez leudeke behartuta inbasio bat gauzatu nahian eta Hezbollah garaitu nahian huts egin dutela onartu behar izatera. Baina lurreko eraso berriak arrakastatsuak badira, helburu militarrak zabaltzeko aukera daukate, ustezko operazio "mugatu eta selektibo" horren barruan.

Sionisten mehatxuak aurrez, eta Hezbollahren erantzuna

Bart indar sionistak Libano hegoaldera sartu aurretik, erasoaldia inpunitate osoz iragarri zuten agintaritzek. Yoav Gallant Defentsa ministroak, adibidez, atzo bertan azaldu zuen "laster" hasiko zela "Hezbollahren kontrako gerrako etapa berri bat". Gero gauean, baina, modu lauso eta zalantzatian jardun zuten: ez zuten baieztatu nahi izan lurreko inbasio bati ekin ziotenik, nahiz eta ohartarazi zuten "Libanoko operazioko hurrengo fasea" onartu berri zutela.

"Edozein aukerari aurre egingo diogu, eta israeldarrek lurretik sartzea erabakitzen badute, prest gaude: erresistentziako indarrak prest daude lurreko borrokarako", esan zuen gaueko erasoaldia hasi baino ordu batzuk lehenago Naim Qassem Hezbollahko buruetako batek.

Badirudi Hezbollahk berak berretsi duela hegoaldera sartu dela Israelgo Estatua, bart jakinarazi baitu Libanoko lurretan egin diela aurre soldadu sionistei, "arma egokiak erabilita", hainbat baja eraginez. Antza, miliziano libanoarrek mugatik hurbil dauden Adaisseh eta Kfar Kila herrietan egin diete aurre sionistei, eta Israelen "porrotaz" hitz egiten hasiak dira hainbat iturri.

Descifrando La Guerra atariak gogorarazi duenez, Israelgo Estatua Libano inbaditu nahian ari den hirugarren aldia da honakoa, eta Hezbollahri aurre egiten eta hura militarki suntsitzen saiatzen ari den bigarrena.

1.700 eraildako jadanik, eta hirugarren inbasioa

Azken bi asteetan, modu kriminalean bonbardatu dute Libano sionistek, 1.700 lagunetik gora erailez eta 6.000 baino gehiago zaurituz. Hildakoen artean daude Hezbollahko hainbat buru (tartean Hasan Nasrallah idazkari nagusia), gehienak Beirut hiriburuan egindako operazio militarretan erailak. Zenbait iturriren arabera, Palestinaren Askapenerako Herri Fronteko (PFLP) zenbait militante hiltzea ere bazuten helburutzat eraso horiek.

Atzo, gaueko 22:00ak igarota, beste mehatxu bat egin zuen armada sionistak: Dahiyeh (Beirut) utz zezatela agindu zien bertan bizi ziren libanoarrei, bertako etxebizitzak bonbardatuko zituela esanez. Eta hala gertatu da: bonba ugari jaurti ditu bart bertan. Azken orduetan, ia 100 libanoar erail dituzte bonbardaketetan, eta ia 200 dira zaurituak.

Estatu sionistaren terrorismoa

Azken egunetan, Israelgo Estatu genozida aldi berean aritu da Libano, Yemen, Palestina eta Siria bonbardatzen. Bart bonba gehiago jaurti dituzte sionistek Siriako Damasco hiriburuan, eta badirudi Yemendik eraso egin dutela sionisten menpeko eremura: Tel Avivera suziri bat bota dute, itxuraz, milaka kolonok nonbaiten babes hartu behar izatea eraginez.

Iranen kontrako mehatxuak ere egin dituzte berriki agintaritza sionistek, bertako gobernuaren erantzun posible baten aurrean. "Mezu bat daukat Teherango [Iran] tiranoentzat: eraso egiten badigute, eraso egingo diegu. Iranen ez dago lekurik Israelen beso luzeak harrapatu ezin duenik, eta horrek Ekialde Hurbil osorako balio du", esan du Benjamin Netanyahu lehen ministroak.

EZ DAGO IRUZKINIK