AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / BBC
2024/09/17 19:01

Euren komunikazioetarako, telefono mugikorrak erabiltzea ekidin ohi dute Hezbollah taldeko kideek, segurtasuna hobetzeko asmoz. Sakelakoen ordez, besteak beste, enkriptatutako pertsona-bilagailuak (beepers, ingelesez) erabiltzen dituzte. Atzo arratsaldean, gailu horiek erabili zituzten Hezbollahren kontrako eraso koordinatu bat gauzatzeko: milaka kideren bilagailuak lehertu ziren aldi berean, Libanon eta Sirian.

Libanon, gutxienez hamabi pertsona erail dituzte erasoan, tartean, bi haur eta bi osasun-langile. 2.800 inguru dira zaurituak, horietatik 300 larriki. Libanoko Gobernuaren esanetan, horietatik 1.850 zauritu dituzte hiriburuan, Beiruten. Bestalde, ez dago Siriako datu zehatzik, baina badirudi gutxienez hamalau direla zaurituak.

Israelgo Estatu sionista erasoan

Libanoko Gobernuak eta Hezbollahk zuzenean seinalatu dute Israelgo Estatua erasoaren egile modura, gero eta argiago baitago zerbitzu sekretu sionisten ekintza koordinatu bat izan dela. Indar sionisten egiletzaz ohartarazteko, nazioarteko hainbat "funtzionariok" emandako informazioa aipatzen du The New York Times egunkariak; tartean zenbait "funtzionario" estatubatuarrek emandakoa.

Antza, pertsona-bilagailu sorta bat manipulatzea lortu zuten sionistek, gero Libanora inportatzeko eta urrutitik leherrarazteko. Zenbait iturrik diote 5.000 bilagailu inguru manipulatu zituztela. Gailu bakoitzeko baterien ondoan sartu zuten material lehergaia, 30 eta 60 gramo artekoa. The Wall Street Journal-en arabera, Hezbollahk duela egun gutxi jaso zuen bilagailu sorta hori, eta aurrez sekula erabili gabeko marka batekoak ziren gailu berriak.

Eskualdeko zenbait inteligentzia-zerbitzuk Al Monitor hedabideari baieztatu diotenez, sionistek bere barne-komunikazioetan esku hartu zutelako susmoa gero eta handiagoa zen Hezbollah barruan, eta Israelgo Estatuak horregatik azkartu zuen esku artean zeukan eraso masiboa, milaka gailu atzo bertan leherraraziz. Iturri horiek ulertzera eman dute, berez, aurrerago egin nahi zutela erasoa sionistek, Hezbollahren kontrako oldarraldi handiago baten abiapuntu modura.

Agintaritza sionistek ez dute gaiari buruzko adierazpenik egin, baina X sare sozialean euren parte-hartzea iradoki du Topaz Luk bozeramaile ohiak. Badirudi, beraz, aurrekaririk gabeko beste eraso bat egin duela Israelgo Estatu genozidak, eta Libanorekiko gerra-frontea biziagotzen jarraitzen duela, Palestinaren kontrako sarraskiari eusten dion bitartean.

Hezbollahren erantzun posiblea 

Badirudi Hezbollak bizi izan duen segurtasun-arrailarik handiena izan dela atzo jasandako erasoa. "Etsai traidore eta kriminal honek [estatu sionista] zigor justua jasoko du, eraso inmoral honengatik", adierazi zuen atzo Hezbollahk. Ikusteke dago, hala ere, zer nolako erantzuna emango dion sionisten enegarren eraso eta probokazioari. Momentuz agerraldi bat iragarri du biharko, ostegunerako, eta jakinarazi du Palestinako "erresistentzia eta herria" babesten jarraituko duela.

Orain arte, Israelgo Estatuak hainbatetan jo du erasora Libanon: muga gainditu eta hainbat eraso egin ditu airez. Hainbatetan egin du mehatxu Libanoren kontra "intentsitate handiko operazio" bat hastearekin, eta mehatxuak areagotu izan ditu Hezbollahren erantzunaren arabera; adibidez, drone bidezko bideo bat argitaratu zuenean, sionisten hamaika azpiegitura estrategikori erasotzeko gaitasuna erakusten.

Astearte honetan bertan, sionistek esan zuten Hezbollahko hiru kide hil zituztela mugan, eta Hezbollahk adierazi zuen indar sionisten kontrako hainbat eraso egin zituela, drone eta misil bidez.

Gaur-gaurkoz, irekita jarraitzen du entitate sionistak Libanon maila handiagoko oldarraldi bati ekiteko aukerak. Uri Gordin Israelgo Armadako buruetako batek duela gutxi agertu zuen Libanoren hegoaldea inbaditzeko asmoa, ustezko bi helbururekin: Hezbollahren miliziak mugatik aldentzea, eta hegoaldean bizi omen diren hainbat "zibil" sionistari "itzulera" ahalbidetzea.

Libanon egindako azken erasoan, Mojtaba Amani ere zauritu dute sionistek; Iranek Libanon daukan enbaxadorea. Israelgo Estatuak Iranekiko tentsioa ere areagotu du azken mugimenduekin, hortaz.

Oraingoan ere, AEBak tartean

Oraindik argitzeke dago atzo lehertu ziren gailuen jatorria eta ibilbidea. Dena den, inor harrituko ez lukeen zenbait informazio argitaratu dituzte azken orduetan, entitate sionistaz gain, Amerikako Estatu Batuak seinalatuz.

Duela pare bat aste, abuztuaren 29an, mezu bat jaso zuten Beiruteko Unibertsitate Amerikarreko Zentro Medikoko langileek. Itxura denez, enplegatu horiek pertsona-bilagailu zahar batzuk zituzten erabilgarri unibertsitatean, baina horiek erretiratu eta "ordezkatuko" zituztela jakinarazi zieten e-mailez. Bilagailu horiek lehergailu bana zeramatela esan dute zenbait iturrik.

EZ DAGO IRUZKINIK