AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / IRNA Español
2024/10/04 10:07

Gutxienez 1.974 hildako, tartean 127 haur, eta 9.384 zauritu. Besteak beste horiexek dira Libanoko Osasun Ministerioak atzo emandako datu ofizialak, Israelgo Estatuak irailaren erdialdean hasitako erasoaldiaren ondorioei dagokienez. Azken orduetan, gainera, sionistek enegarrenez bonbardatu dute Beirut hiriburua.

Iturri batzuen arabera, orain arteko bonbardaketarik gogorrenak izan dira. Agintaritza sionistak esan du Hezbollahko buru Hashen Safieddine erailtzea dela helburua, baina ez du argitu lortu duen edo ez. Ia egunero ari dira Beirut hegoaldea bonbardatzen, batez ere, aldiriak (Dahiye).

Komunikabide ugarik atzo jakinarazi zuten Israelgo Estatua ohiko arma kimiko bat erabiltzen ari dela Libanon: fosforo zuria, teorian, nazioartean debekatuta dagoen arma bat. Hilgarria izateaz gain, erredura larriak eragiten ditu, eta larriki kaltetzen ditu hezurrak eta funtsezko organoak. Sionistek Beiruten jaurti dituzte fosforo zuridun bonbak, osasun-zentro batean besteak beste. Palestinan ere bota dituzte azken urtean zehar.

Errefuxiatu-olatua eta sionisten mehatxuak

Sekulako errefuxiatu-olatua sortu dute sionisten erasoek Libanon. Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren (ACNUR) esanetan, jadanik 160.000 dira Libanotik Siriara alde egin behar izan duten pertsonak, eta horietatik %70 dira siriarrak; alegia, 2011tik aurrera Libanora migratu behar izan zuten pertsonak, Siriako gerratik ihesi.

Eta desplazamendu masibo hori ere mehatxu egiteko baliatu du Israelgo Estatuak. Ulertzera eman du Hezbollah Siriako muga erabiltzen ari dela "material belikoa sartzeko", eta bertan "eraso egitearekin" mehatxatu du. Palestinan ere, hamaika aldiz egin die eraso terrore sionistatik ihesi zihoazen ehunka milaka pertsonei.

Erresistentzia, tinko

Bitartean, badirudi Libanoko erresistentzia gogor ari zaiela aurre egiten terrorista sionistei, haiek Libanora lurretik sartu zirenetik. Antza, distantzia txikira hainbat borroka izaten ari dira hegoaldean, mugatik gertu, eta Israelgo Estatuko zortzi soldadu hiltzea lortu dute azken egunetan miliziano libanoarrek, hainbat azpiegitura eta baliabide militarri erasotzeaz gain. Asteartean aitortu zituen heriotza horiek Israelgo Estatuak; ofizialki, Libanoko lurretan hil diren lehenak dira.

Eta palestinar erresistentzia ere tinko ari da sionistei aurre egiten. Gazako Al-Qassam brigadek berriki zabaldu dituzten irudietan, Al-Fakhari zonaldean (Khan Yunis ekialdean) egindako eraso bat erakutsi dute: sionisten gerra-ibilgailu ugari suntsitu dituzte.

Azken egunetan, Israelgo Estatu genozidari aldi berean aurre egiten ari dira Libanoko eta Palestinako erresistentzia-indarrak, eta Yemendik eta Irandik ere jo dute sionisten kontrako erasora. Yemenen sionistentzat eta bere aliatuentzat estrategikoak diren ontziei eraso egiten segitzen dute indar armatuek, eta, berriki, Erresuma Batuko petrolio-ontzi bati eraso diote.

Eta Mendebaldean ere izan da ekintza esanguratsu bat indar sionisten kontra, hain zuzen ere, Erresuma Batuan bertan. Hainbat ekintzailek sabotatu egin dute F-35 gerra-hegazkinen ekoizpena (sionistek erabiltzen dituzte besteak beste), fabrika baten kontrako ekintza bati esker. Eragindako kalteei esker, badirudi ekoizpena hamabi hilabetez geratu beharko dutela.

42.000 eraildako Gazan, eta erasoak gora

Laster beteko da urtebete urriaren 7tik, eta ikaragarriak dira Gazako Zerrendan argitara emandako zifra ofizialak; zer esanik ez dagoeneko kalkulaezinak diren datu errealez. Gazako Osasun Ministerioaren esanetan, 41.788 palestinar erail dituzte azken urtean Gazako Zerrendan, eta 96.794 dira zaurituak. Hondakin artean desagertutakoak eta atxilotuak milaka dira.

Zisjordanian ere egin ditu eraso sistematikoak Israelgo Estatuak, 1.000 palestinar inguru erailez. Azken orduetan bortizki bonbardatu ditu Zisjordaniako lurrak, Tulkaren errefuxiatu-gunea jomuga izanda. Gutxienez hemezortzi pertsona hil ditu.

Gainera, azken egunetan palestinarren kontrako erasoak biziagotu dituzte sionistek. Besteak beste, Gazako Zerrendako Khan Yunisen eta Rafahn sartu dira soldaduak eta 60 lagun hil dituzte, eta Nazio Batuen Erakundearen errefuxiatu-kanpaleku bati eraso diote Nuseiraten. Gutxienez lau pertsona erail dituzte bertan.

Mendebaldeak indarrik ez?

Israelgo Estatuak "bere burua defendatzeko" duen "eskubidea" aldarrikatzen jarraitzen dute Mendebaldeko agintariek, tartean, Europar Batasuneko Josep Borrellek. Onartu du "muga guztiak gainditu" dituela estatu sionistak, baina eskuak garbitu nahi izan ditu: "Gazako hondakinen azpian [...] Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa ere lurperatuta dago, aldarrikatzen ditugun baina betetzen ez diren eginbeharrak ez betetzearen adibide argia izan delako, eta horiek betearazteko indarrik ere ez dugulako".

EZ DAGO IRUZKINIK