Leioa (Bizkaia) eta Portugalete (Bizkaia) arteko itsasadarraren azpian garraio-tunel bat eraikitzeko proiektua dauka esku artean Bizkaiko Foru Aldundiak. Makroproiektu horren arriskuez ohartarazi du Subflubiala Ez plataformak, eta tunela eraikitzearen aurka mobilizatzen jarraitzen du. Aurreko ostegunerako, uztailaren 24rako, Bilbon (Bizkaia) antolatu zuen protesta bat, foru-jauregiaren aurrean. Ertzaintzak, ordea, mobilizazioa eragotzi zuen.
Aurrez debekuari buruzko inolako jakinarazpen idatzirik helarazi gabe, jauregira hurbiltzea galarazi zien Poliziak manifestariei. Subflubiala Ezeko kideek salatu zuten, hala, agintaritzek "ilegalki" debekatu zutela mobilizazioa. Gainera, protestan parte hartzen ari ziren sei lagun identifikatu zituzten ertzainek, eta badirudi "desobedientzia" leporatuko dietela. "Oso gogorki salatu nahi dugu gure protesta isilarazteko saiakera hau eta EAJk egin duen Poliziaren erabilera partidista, gustuko ez dituen protestak isilarazteko erabiliz", seinalatu zuen plataformak.
2026aren hasieran ekin nahi diote obrari
Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek (EAJ) berriki jakinarazi du 2026ko lehen seihilekoan hasi nahi dituztela tunela egiteko lanak, Hiruka atariak jaso duenez. Aldundiak, beraz, entzungor egin die eskualdeko hainbat guraso-taldek, kolektibo ekologistak eta eragilek egindako salaketei, proiektuaren arriskuak azaldu baitituzte.
Esate baterako, obraren barruan egingo dituzten leherketak (83 izango dira, foru-iturrien arabera) aipatu dituzte arrisku gisa, inguruko eraikinetan eragingo dituzten bibrazioengatik; Artatza institutuan hala nola. Horrez gain, Artatza parkean botako dituzten dozenaka zuhaitzak, airean sortuko duten kutsadura eta zarata handia nabarmendu dituzte.
Proiektuak barne hartzen duen 300 metroko zubibidea eta horren ondorioak ere azpimarratu dituzte; besteak beste, "Galindo errekaren ekosisteman" izango dituen "eragin negatiboak". Izan ere, babestuta dagoen arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus) jarriko dute arriskuan adibidez. Ingurumen eraginari buruzko lehen adierazpenean baztertu egin zuten zubibide hori, ingurumenean sor zitzakeen kalteengatik, eta gerora gehitu zuen berriz aldundiak, "justifikaziorik gabe".
Subflubiala Ez plataformaren esanetan, Leioa eta Portugalete arteko tunela ez da "aurrerapen bat". Are gehiago: "atzerapausotzat" jo du "klima-larrialdiaren kontrako borrokan", baita "mehatxutzat" ere, "gure bizi-kalitaterako". Plataformako kideek diote, bestalde, "proiektu oso kaltegarria" izango dela "sustatzen duen garraio-ereduagatik": "Milaka kotxe gehiago ipiniko ditu errepideetan, kotxeen aldeko dei-efektua egingo baitu". 500 euro baino gehiago inbertituko dituzte tunela egiten.
Proiektuaren aurkako protesta-ekintzak
Joan den ekainean, Subflubiala Ez plataformak antolatuta, itsasadarraren azpiko autobidearen kontrako kanpaldi bat egin zuten Leioan. 200 lagun inguruk parte hartu zuten, eta ekimenaren amaieran, beste deialdi baten berri eman zuten: mobilizazio bat egingo dute urriaren 18an, proiektuari beste behin ere ere ezetz esateko.