Aurreko ostiralean amaitu zen Okupazio Ilegalari buruzko Kongresuaren aurreneko edizioa, Malagan. Bi egunez izan ziren bilkura horretan "okupazioaren kontrako ofentsiban agente aktibo diren" hainbat instituzio, Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak jakinarazi zuenez. Besteak beste, Espainiako Justizia ministroak, polizia-indarrek, zenbait fiskal eta epailek, eta eraikuntza-enpresetako nahiz promotoreetako ordezkariek hartu zuten parte kongresuan. Hainbat mahai-inguru egin zituzten, eta haien esanetan, "delinkuentzia-okupazioa" izan zuten hizpide.
Malagako Abokatutzak, Bartzelonako Abokatutzaren Elkargoak eta Mataroko Abokatuen Elkargoak antolatu zuten kongresua, legez kanpoko okupazioari aurre egiteko proposamenak aztertzeko asmoz, haien arabera. "Kongresuaren helburu nagusia, ateratako ondorioekin egungo legearen erreforma juridikorako pausoa ematea da", seinalatu du Errakik.
Azken urteetan okupazio kasuek gora egin dutela eta horiei aurre egiteko "mekanismo eraginkorrak" falta direla adierazi zuten kongresuan, Errakik jakinarazi duenez. Espazioen legezko jabeek "zailtasunak" omen dituzte "okupatuta duten ondasuna berehala berreskuratzeko, kasurik okerrenean, prozedura judiziala agortu arte itxaron behar dutelako". "Legearen eraginkortasun faltari" azpimarra eginda, beraz, Espainiako Estatuko Prozedura Kriminalaren Legea aldatzeko proposamena egin nahi dute, eta horri bide emateko bildu ziren Malagan.
Desalojoak egun batetik bestera
Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak azaldu du, batez ere, bi direla kongresuan mahaira atera ziren neurri garrantzitsuak. Batetik, "kautelazko berehalako husteak" direlakoak "errazteko eta hedatzeko" premia azpimarratu zuten. Izan ere, gaur egun ere kautelazko husteak gauzatzeko aukera badagoen arren, "muga batzuk" nabarmentzen omen dira "praktikan".
Berehalako huste horiek errazteko, pertsona juridikoei —adibidez, enpresa pribatuei eta banketxeei— desalojoak gauzatzeko aukera ematea litzateke Malagan elkartu zirenen asmoa. "Prozedura horren bitartez, Langile Kontrolpeko Espazioen biziraupenari zein hedapenari oztopo nabarmenak jar diezazkiete" Errakiren arabera, "egun batetik besterako desalojoak" indartuko baitziren.
Polizia, sendotuta
Bestetik, poliziaren segurtasun juridikoa are gehiago bermatzeko neurriak proposatu zituzten Malagako kongresuan. Antza, espazioen legezko jabeen baimenik gabe okupatutako guneak hustu ahal izateko segurtasun juridikoa eskatu dute polizia-indarrek. "Etxebizitzaren bortxaezintasun printzipioa baliogabetzea eragin dezakeen marko juridikoa ezarri eta polizia edozein unetan espaziora legalki sartzeko baldintzak jartzea" litzateke hori, Errakiko kideek azaldu dutenez.
Erabateko ofentsiba
"Espazioaren gaineko langile kontrolaren aukerak murrizteko saiakerak egungo krisi kapitalistak bultzatutako berregituraketa sozial eta politikoaren parte dira", azpimarratu du Errakik: "Kasu honetan, ofentsiba juridikoaren prismatik, okupazioaren praktikaren ondorio judizialak gogortzeko oniritzia sortzeko eta zabaltzeko hasi dira batzen zenbait agente boteretsu". Argitu dute, gainera, helburu garbi bat duela "aliantza horrek"; hain zuzen, gerora "proposatuko duten erreforma juridikoa".
"Fronte juridiko, komunikatibo zein polizialetik okupazioaren aurka ematen duten pauso bakoitzak proletariotzaren baldintza sozial zein politikoetan atzerapausoak dakartza, izan etxebizitza bat bermatzea ukatuz, izan antolakuntza politiko iraultzailerako beharrezkoak diren zentro politikoak izateko aukerak murriztuz", ohartarazi du Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak.
Ofentsiba horri guztiari aurre egiteko beharra nabarmendu du berriz, eta horretarako, ezinbestekotzat jo du "elkartasun antolatu eraginkorra zabaltzea". "Etor daitezkeen erasoei" erantzuteko, eraso horiek "antolatzen diren maila berean" defentsa antolatzea da "espazioen gaineko langile kontrolaren biziraupenerako eta hedapenerako berme bakarra", Errakiren esanetan.