AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Laudioko Gaztetxea
2021/09/23 11:58

Laudioko Udalaren aginduz, udaltzainek urtarrilean hustu zuten Laudioko Gaztetxea. Izan ere, Lamuza parkean berritze lanak jarri zituzten martxan Arabako Foru Aldundiak eta udalak, eta horren harira itxi zituzten han kokatuta dauden zenbait azpiegitura; tartean, gaztetxea. Obraren aurreneko fasea amaitu da dagoeneko, eta antza, hastear da bigarren fasea.

Laudioko Gazte Asanbladak ohartarazi du itxita jarraitzen dutela espazio horiek, eta "etengabe luzatzen" ari direla lanen epeak. Azaldu du udalak eta diputazioak irailaren 13an aurkeztu zutela Lamuza parkerako idatzitako obra-plana, eta horren arabera, 2024ra arte luza daitezkeela lanak.

Indarrez itxita

Horrek esan nahi du inguru horretan kokatutako azpiegiturak, besteak beste gaztetxea, urte horretara arte mantenduko dituztela zarratuta. Asanbladako kideek salatu dute, gainera, Langile Kontrolpeko Espazioaren "jarraikortasuna zalantzan" jarri duela Laudioko alkateak. Izatez, obrari ekitean, udalak publikoki esan zuen lanak amaitu bezain pronto utziko ziotela asanbladari gaztetxera itzultzen. "Errealitateak kontrakoa adierazi du", diote asanbladakoek.

Azpimarratu dute obra-planak ez dituela "kolektiboen interes eta nahiak kontuan hartzen" eta hainbat proiekturen aurkako neurriak hartu dituztela instituzio publikoek. "Bereziki gaztetxea jarri dute jopuntuan", gaineratu dute.

Espazio politikoen beharra

"Laudiok espazio politikoak behar ditu, gazteria langilearen interesak bermatzeko. Guk gazte langileon gaztetxea nahi dugu, eta beraz, plan honen aurka borroka egiteko eta gaztetxea lortzeko bidean antolatuko gara", jakinarazi dute Laudioko Gazte Asanbladako kideek.

Bide horretan, ezinbestekotzat jo dute "asanblada indartzea"; "besteak beste, udalaren aginte totalitarioari aurre egiteko". "Gazte asanbladaren lana da gazte langileon askatasunak eta eskubideak borrokatzea. Horregatik da beharrezkoa gaztetxea, gazte langileon kontrolpeko espazio gisa, eta ez udal autoritario baten kontrolpeko espazio gisa. Gatazka, beraz, espazioaren gaineko kontrolean kokatzen da, eta horregatik du izaera politikoa".

EZ DAGO IRUZKINIK