Guardian enpresak tematuta jarraitzen du Laudioko (Araba) lantegiko plantilla osorik kaleratzearekin, etorkizunari begirako inolako bermerik gabe haientzako. Izan ere, nahiz eta enpresako zuzendaritzak atzo adierazi zuen zabalik jarraitzen duela fabrika "inbertitzaile sendo bati" saltzeko aukerak, 171 langileak kaleratzeko enplegu-erregulazioko espedientea burutzean izango litzateke salmenta. Zuzendaritzak dio, gainera, ez dizkiola "lan-erantzukizunak" transferituko inbertitzaile berriari: alegia, ez lioke exijituko gaur egungo beharginak berriz hartzeko, lantokia berriz ere martxan jarriko balitz.
Enpresa-zuzendaritzak astelehenean aurkeztu zuen plantilla osorik kanporatzeko espedientea, eta orduan ireki zen 30 eguneko kontsulta-epea. Laudioko labea itzali osteko egoera zehazten omen du bertan, urtarrilaren bukaeran amatatu baitzuten, langile-batzordea osatzen duten sindikatuen (ELA eta LAB) ia inolako oposiziorik gabe. Hala, etenik gabe doaz aurrera itxiera-prozesua eta langile guztien kaleratze kolektiboa. Sindikatuek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote esku har dezala, baina, labea itzali zen egunean, Jaurlaritzaren oniritziarekin ere izan zen.
Gobernuak dio lau inbertitzaile posible daudela (hiru EAEkoak eta laugarren bat hortik kanpokoa), baina, oraingoz, ez dago inolako ziurtasunik. Jaurlaritzak berak aitortu izan du, zenbait alditan, Guardianek ez duela edukiko inbertitzailerik "epe motz-ertainean". AEBetako multinazionalak behin eta berriz berretsi ditu fabrika saltzeko asmoa eta prestutasuna, eta Jaurlaritza hori "errazten" ari dela nabarmendu izan du.