AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/12 11:39

Irailaren 18an izango da Aiaraldeko hiru gazteren kontrako epaiketa Gasteizen (Araba). Tubacex enpresako Aiaraldeko langileek 2021ean egindako greba zela-eta auzipetu zituzten hirurak. 2021eko martxoaren 25ean, beste hamaika egunetan bezala, grebari lotutako protestak izan ziren Amurrioko (Araba) lantoki aurrean, eta Ertzaintza bertaratu zen, Tubacexeko grebalarien eta babesa emateko bertaratu ziren pertsonen kontra oldartzeko. Ertzaintzaren kargak izan ziren; hala nola, borrak eta foam jaurtigaiak erabili zituzten polizia-agenteek protestei aurre egiteko.

Epaituko duten gazteetako bat martxoaren 25ean bertan identifikatu zuten, baina gertakarien aurretik; goizeko aurreneko orduan izan zen, bidea oztopatzea leporatuta. Auzipetutako beste bi pertsonak, ordea, ez zituzten egun horretan atzeman. Hainbat astera joan zen Ertzaintza euren etxeetara, eta epaitegiko jakinarazpena jaso zuten gero.

Greban istiluak sortzeko talde antolatu bat osatzea egozten diete hiru gazteei, eta horri lotuta, autoritateari atentatua egitea eta desordena publikoak eragitea. Hala, lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe-zigor eskaerei egin beharko diete aurre hurrengo astelehenean. Tubacexeko grebaren harira egin diren zigor-eskaerarik handienak dira.

Auzipetu ugari Tubacexeko greba dela-eta

Tubacexeko Aiaraldeko beharginek ia zortzi hilabetez egin zuten greba 2021ean, eta hainbat langile auzipetu zituzten horren harira. 2022ko azaroan epaitu zuten Amurrioko grebalari bat polizia bat jotzea leporatuta, eta aurtengo ekainean egin zioten epaiketa Laudioko (Araba) beste behargin bati, autoritateari atentatua egitea eta erresistentzia egotzita. Laster izango da, bestalde, beste bi grebalariren kontrako epaiketa.

EZ DAGO IRUZKINIK