Badirudi Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen artean ere eragina duela propaganda erreakzionarioak, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako azterketa baten arabera. Izan ere, Gazteen Euskal Behatokiak ondorioztatu duenez, 30 urtetik beherako gazteen artean, laurdenak pentsatzen du "atzerritar gehiegi" bizi direla EAEn. 15 eta 30 urte arteko gizon gazteen iritzi arriskutsuaz ohartarazi dute, batez ere.
Jaurlaritzak asteartean eman zuen ikerketaren berri. Azken datuen arabera, gazteen %26,3k iritzi diote pertsona immigrante "gehiegi" daudela EAEn, eta pertzepzio hori dutenen kopurua hirukoiztu egin da azken lau urteetan: 2020an, %9,1ek soilik pentsatzen zuten hori. Dena den, 2012an, %44,6 izan ziren atzerritar "gehiegi" daudela baieztatu zutenak, aurten baino nabarmen gehiago.
Mitoak, gorrotoaren abagune
Sarri abisatzen dute pertzepzio horrek duen oinarri faltaz, izan ere, pertsona immigrante "gehiegi" daudelako uste hori kolokan jartzen dute datu errealek. EAEn, denera, %9,3 besterik ez dira atzerritar nazionalitateren bat dutenak, baina Gazteen Euskal Behatokiak azaldu du inkestan parte hartu duten gazteek pentsatzen dutela handiagoa dela ehunekoa. Sei puntuko aldea dago haien ustearen eta datu errealen artean.
El País-ek urrian kaleratutako ikerketa baten arabera, inkestatuen %54k ez zuten asmatu pertsona immigranteen proportzio erreala. Ofizialki 48,79 milioi biztanle ditu Espainiako Estatuak, eta horietatik %18,5 soilik jaio ziren atzerrian.
Jarrera erreakzionarioagoak gizonen artean
Behatokiak abisatu du erreakzioak eragin nabarmenagoa duela gizon gazteen artean. Batez besteko datuei erreparatuta, laurdena baldin badira EAEn atzerritar "gehiegi" bizi direla uste dutenak, ehuneko hori aldatu egiten da sexu-generoaren arabera: emakume gazteen %21,6k pentsatzen dute hori, baina %30,7 dira hala irizten dioten gizonak. Pertsona migranteen sarbidea erraztu behar dela babesten duten emakume gazteak %46,2 dira, baina portzentajea asko jaisten da gizonei galdetuz gero: %32,6 bakarrik dira.
Gizonen artean indar handiagoa duten jarrera erreakzionario eta atzerakoi gehiagoren berri ere eman du aipatutako behatokiak. Adibidez, ezkontza homosexuala begi onez ikusten dute emakume gazteen %95ek, baina %89,3 dira gizonen artean; erregistroetan sexu-identitatea aldatzeko aukera babesten dute emakumeen %64,3k, baina gizonen %52,1ek besterik ez; abortatzeko eskubidearen alde egiten dute emakumeen %93,7k, baina %85,5 dira gizonen artean, eta abar.
Eta ikerketak erakusten du, gainera, gazteenen artean indarra hartzen ari direla iritzirik atzerakoienak. Aipatutako ehuneko horiek, esaterako, behera egiten dute adinean behera egin ahala, eta 15 eta 19 urte arteko gazteen artean dira baxuenak portzentaje horiek.