Herri Norte taldeak jakinarazi duenez, gutxienez bost kide atxilotu ditu Ertzaintzak gaur goizean, Bizkaian zein Araban. Azken egunetan, gainera, beste hainbat pertsonari ere egin diete dei ertzainek, komisariara bertara zitezen. Arratsaldean utzi dituzte aske.
Itxura denez, otsailaren 29an Bilbon (Bizkaia) izan ziren gertakarien harira atxilotu dituzte. Egun horretan neurtu zituzten indarrak Athleticek eta Atletico Madrilek: futbol partidaren aurretik, taberna batean zegoen faxista bati aurre egin zioten hainbat pertsonak, eta horretan parte hartzea egozten omen diete gaur atxilotutako lagunei.
Hori dela-eta, hainbat akusazio egin dituzte euren kontra: desordena publikoak eragitea, gorroto-delitu bat, lesioak eragitea eta mehatxuak egitea, hain zuzen ere.