Pasa den larunbatean, hilak 11, Murtzia II espetxera mugitu ziren 40 lagun inguru, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak deituta. Amnistia aldarri eta Borrokak ez du etenik lelopean, Patxi Ruiz preso politikoari babesa adierazi eta presoen aurkako erasoen arduradunak seinalatu zituzten.
Maiatzean eta ekainean "agerian" geratu diren "kartzelaren opakotasuna" eta "kartzelarien zigorgabetasuna" salatzeaz gain, espetxea bera, "inor birgizarteratzeko erreminta izatetik urrun", "borondatea eta izaera apurtzeko tresna" dela adierazi zuten martxan bildutakoek: "Eta preso politikoen kasuan, kartzelak neurri bereziak hartzen ditu militante hauek asimilatzen saiatzeko". Hala, "kartzeletan sarritan praktikatzen den tortura zuzena" eta "kronikoa" gaitzetsi zuten.
"Baina kartzelaz hitz egiten dugunean, sarritan ardurak estalita gelditzen dira, hauen existentzia eta erabilpenetik eta haien biolentziatik inork probetxu ekonomiko eta politikorik aterako ez balu bezala", esan zuten. Bestalde, "gehiegikeriak babesten eta justifikatzen" dituzten agente ezberdinak ere seinalatu zituzten.
Ruiz txantrearrak hasitako borrokaldiak espetxearen gordintasuna "agerian
utzi" duela esan zuten AAEAMeko kideek. "Amnistiaren Aldeko Mugimenduak borroka horren lekukoa hartzeko
konpromisoa hartu zuen, ezein presok berriz bere bizitza jokoan jartzeko
beharra ez izateko helburuarekin", gehitu zuten.