AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Crónica Vasca/EP
2023/01/12 08:52

Petronorren Muskizko (Bizkaia) findegiko langileek lanuzteak hasi dituzte, 2019. urtetik "izoztuta" dagoen lan-hitzarmena berritzearen alde. Agortuta dago ituna, baina oraingoz ez dago adostasunik zuzendaritzaren eta beharginen ordezkarien arteko negoziaketan; pandemian gelditu ziren elkarrizketak, eta gerora berrartzean, ez da akordiorik egon. Zuzendaritzari presioa egiteko eta beharginek egindako eskaerak indartzeko, 88 orduko lanuzteak egingo dituzte hilabete honetan zehar. Hiru orduz eten zuten jarduna atzo, eta protesta bat egin zuten findegi aurrean.

Hitzarmen berriaren bidez, beharginen erosahalmena bermatu nahi dute langileek. Urte bakoitzeko Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) igoera errealaren araberako soldata igoerak exijitzen dituzte. Enpresako zuzendaritzak, baina, bestelako proposamen bati eusten dio: urte arteko inflazioaren aldaeraren %75 izan nahi du erreferentziatzat. Muskizko langile batzordearen arabera, neurri hori ez da nahikoa une honetan langileen erosahalmena ziurtatzeko, inflazio mailak ikusita. Repsol taldeak eta sindikatuek antzeko baldintza orokorrak adostu zituzten iazko martxoan, baina, izatez, itun propio bat daukate Muskizko findegiko beharginek. 1.000 inguru dira.

Zuzendaritzak, langileen aldarrikapenak baztertzeko, etengabe nabarmentzen ditu enpresan azken urteetan izandako zailtasunak. Beharginek ohartarazi dute, dena den, "bere historiako onurarik handienak" izaten ari dela Petronor. El Correo-ren arabera, 61 milioi euroko irabaziak izan zituen 2021ean, eta El Diario-ren esanetan, 305 milioi euroko irabaziak lortu zituen 2022ko aurreneko bederatzi hilabeteetan. Hala ere, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat ezarri zieten beharginei 2021ean.

EZ DAGO IRUZKINIK