AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: aiaraldea.eus
2020/09/08 01:44

Orozkoko (Bizkaia) Artiach enpresan beste langile bat kaleratu zuten iragan abuztuaren 20an. Zuzendaritzak gutun bidez eman zion beharginari kaleratzearen berri, eta enpresa batzordearen esanetan, "diziplina bidea baliatu zuen" kanporatzean.

Aiaraldea-k jakinarazi duenez, aurreko astean batzarrak egin zituzten langileek, eta mobilizazioetara jotzea erabaki zuten. Hala, atzo, astelehena, elkarretaratzea egin zuten lankidearen kaleratzea salatzeko. Gero, lanuzteei ekin zieten: ordu eta erdiz eten zuten laneko jarduna, eta gaur ere berdin arituko dira.

Datorren astean ere jarraituko dute dinamikarekin, lanuzteak gogortuz: txanda bakoitzean, bi orduz geldituko dute haien jarduna irailaren 14an, 15ean eta 16an (04:00etatik 06:00etara gaueko txandan, 09:00etatik 11:00etara goizekoan, eta 16:00etatik 18:00etara arratsaldekoan). Ordu horietan, protestak egingo dituzte lantokiaren kanpoaldean.

KALERATZEAK IAZ

Aurreko urtean ere hainbat kaleratze izan ziren Artiachen. Aurretik, Lan Ikuskaritzara jo zuten zenbait beharginek, 6-17 urtez fabrikan lanean jardun arren, behin-behineko lan-kontratuak baino ez zizkietelako egiten. Lan Ikuskaritzak ebatzi zuen zuzendaritzak kontratu finkoak egin beharko lizkiekela, baina horren aurrean, zenbait kaleratzerekin erantzun zuen enpresak.

Hilabetetako borrokaren ostean, kanporatutako lau behargin berronartzea eta kontratu finkoa egitea lortu zuten langileek.