AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/06 10:40

Hainbat dira azken egunetan areagotu diren lan-gatazkak. Bilbobuseko langileek apirilean ekin zioten greba mugagabeari, eta langileek uko egin zioten USO, UGT eta CCOO sindikatuek aurkeztutako aurreakordioari. Horrela, udan zehar borrokari eusteko erabaki hartu zuten, eta 24 orduko lanuzte orokorrak deitu dituzte Bilboko (Bizkaia) Aste Nagusirako, besteak beste.

Hitzarmen berri bat exijitzen dute Bilbobuseko beharginek. Urtebete egin dute itunaren alde borrokan, aurrekoa 2021ean iraungi zen-eta. Soldatak izoztuta izan dituztenez, Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) arabera egokitzea exijitzen dute, azken hiru urteetan, %14,7 hazi baita indize hori. Bilbobuseko zerbitzua azpikontratatuta dago, eta Biobide (Alsako filial bat) da zerbitzuaz arduratzen dena. Antza, udalak kontratua deuseztatzeko tramiteak martxan jarri ditu, eta baliteke zerbitzua lizitazio berri batera ateratzea.

Vianako Mondelez fabrikako langileek greba mugagabera deitu dute

Elkarretaratzea egin zuten atzo, ekainaren 5ean, Vianako (Nafarroa) Mondelez gaileta fabrikako langileek. Hitzarmen berri bat exijitzen dute, eta lanuztera deitu dute berriz. Ekainaren 10ean greba mugagabeari ekingo diote; soldata-igoerak, antzinatasuna kontuan hartzea eta lanaldien murrizketak aldarrikatzen dituzte.

Bost hilabete igaro dituzte langileek zuzendaritzarekin biltzen eta, salatu dutenez, enpresak "mugitu gabe jarraitzen du". Hamar negoziazio-bilera egin dituzte osotara, baina blokeo-egoeran dago elkarrizketa eta, beraz, "mobilizatzen hastea bertze aukerarik" ez dute ikusi beharginek.

Soldata KPIaren arabera egokitzea eta antzinatasuna "berreskuratzea" eskatzen dute, bai eta lanaldiari lotutako bestelako hobekuntza batzuk ere. Zehazki, aparteko orduei "bertaratze- eta puntualtasun-plusak" gehitzea, urteko lanaldiak hiru egun gutxiago izatea edota aldi baterako ezintasun-egoeran dauden langileek hobekuntzak izatea galdegiten dute.

Diario Vasco egunkariko langileak ere, grebara

Duela bi hilabete hasi zituzten protestak egunkariko langileek. "Astelehen Beltzak" antolatu zituzten, eta, aurreko asteko ostegunean, "sinaduren greba" bat egin zuten: hedabide horretan argitaratutako edukiari "DV" sinadura jarri zioten, eta ez kazetarien izen-abizenak.

Zuzendaritza, ordea, grebaren ikusgarritasuna txikitzen saiatu da. Enpresak Colpisa informazio-agentziaren berriei "lehentasuna eman" die, bai eta plantillakoak ez diren berriemaileei ere. Antza, Diario Vasco egunkariaren orrietan aldi baterako enpresen (ETT, gazteleraz) bitartez kontratatutako kazetarien edota bekadunen edukiek "garrantzia hartu dute" azkenaldian. Langile horiek lan-baldintza kaskarragoetan egin behar izaten dute lan eta, bekadunek 700 euro baino gutxiago kobratzen dituzte hilean.

Ekainaren 13rako elkarretaratze batera deitu dute Diario Vasco-ko langileek, eta hurrengo astean lanuzteei ekingo diete. Ekainaren 19an, 20an eta 21ean greba eginen dute kazetariek, soldata-igoerak exijitzeko, nagusiki. Salatu dutenez, azken hamabi urteetan langileen soldatak "izoztuta" egon dira, enpresak "milioi askoko irabaziak" pilatu dituen bitartean.

Loiuko aireportuko langileak borrokan

Aireportuko VIP gela itxi dute berriki Loiuko (Bizkaia) aireportuko langileek, eta sarrera zigilatu dute. Azken hamarkadan, antza denez, VIP gelaren erabilera bikoiztu egin da, baina plantilla ez da handitu. Kataluniako Gis Trade Center enpresak kudeatzen du zerbitzu hori eta, langileekin bildu den arren, ez ditu haiek lan-baldintzak hobetzeko egindako eskaerak onartu.

Langileak kexu dira. Salatu dute enpresak ez duela "atsedenaldien araudia betetzen", eta "behar baino egun gehiagoz" aritzen direla jarraian lanean. Hori ez ezik, plantillako langile guztiak, teorian, "laguntzaileak" direla nabarmendu dute. Hala ere, sukaldeko, biltegiko edota harrerako lanak egin behar izaten dituzte.

Hainbat lanuzte eginen dituzte langileek datozen hilabeteetan. Bihar grebara joko dute, izan ere, Makina-erremintaren Biurtekoa ari dira ospatzen BECen, eta VIP zerbitzua erabili ohi dute han elkartzen diren enpresariek. Ekainaren 30ean eta uztailaren 28an greba eginen dute berriro, enpresak euren aldarrikapenei uko eginez gero.

EZ DAGO IRUZKINIK