Bilboko Portuko amarradoreek aurreko astean jakinarazi zuten, Santurtzin egindako agerraldi batean, lanuzteei ekingo zietela, euren lan-baldintzen prekarizazioari aurre egiteko. Sei greba-egunetara deitu zuten: abenduaren 12an eta 15ean izan ziren lehenak, eta hilaren 22an, 29an eta urtarrilaren 5ean eta 12an izango dira hurrengo laurak. Gerentzia berriak lan-baldintzak kaskartu nahi dituela azaldu dute, eta beraz, murrizketei ezetz esateaz gain, P&O Reyserri exijitu diote aurretik indarrean dagoen ituna bete dezala.
Reyserrek soldatak jaitsi nahi dizkie beharginei, urtean 2.000 egunetik gorako lanaldia ezarri nahi die, gauez eta jaiegunetan lan gehiago egitea nahi du, baja-eskubidea murriztu nahi die, oporrak urtean hamabost egunekoak bakarrik izatea nahi du, eta aldi baterako kontratuak okerragotu nahi ditu, besteak beste.
Lanuzteekin batera, protesta-ekintza ugari antolatu dituzte amarradoreek. Abenduaren 22an, martxa bat egingo dute portuan barrena, Petronorreko sarreratik abiatuta; eta 29erako, berriz, manifestazio bat prestatu dute, portuko sarreratik hasita. Urtarrilaren 5eko eta 12ko greba-egunetan ere izango dituzte mobilizazioak, Portugaleten barne, eta hilaren 17rako jarri dute beste hitzordu bat, itsas-martxa bat egingo baitute itsasadarrean.