Irailaren 15a greba eguna izango da EAEko hezkuntzan. Eskola publikoko zein itunpeko zentroetako langileak grebara deitu dituzte egun horretarako, Gure ikastetxeetan aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua aldarripean. ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk egin dute deialdia. Hala, eskolara "segurtasunez" bueltatu ahal izateko "baliabideak" galdegingo dituzte beharginek irailaren 15ean.
Ikasle Abertzaleakek, bestalde, ikasle greba deitu du egun berdinerako, Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu lemapean. Hala, irailaren 15ean kaleak hartzeko deia egin die ikasle langileei, hezkuntza komunitateko langileriaren osasuna bermatzen ez den bitartean, "klase presentzialen etetea" exijitzeko. Bigarren hezkuntzan, lanbide heziketan eta unibertsitatean egingo dute greba ikasleek, gutxieneko neurri batzuk aldarrikatzea beharrezkotzat jota. Besteak beste, hezkuntzara sarbideari, ikasketa telematikoari eta lan politikoa egiteko eskubideari lotutako eskaerak mahaigaineratu dituzte.
Gaur, irailak 7, deialdiarekin bat egin du Unibertsitateko Indar Batasunak, Ikasle langileon defentsan, I-15 grebara aldarripean. Unibertsitate mailan ere greban parte hartzera deitu dute UIBko kideek. Gainera, hainbat "eskakizun zehatz" aurkeztu dituzte "unibertsitateko langile sektoreen (ikasle, irakasle, ikerlari, garbitzaile...) defentsan, pandemiaren testuinguruan "hezkuntza osoan" egiten ari diren "erreforma sakonen" testuinguruan, sektore horien "baldintza materialak defendatzeko" asmoz.
Hain zuzen, hamabi eskakizun egin ditu UIBk. Matrikula ordaintzeko zailtasunak, beka-sistema, hezkuntza telematikoan izan diren arazoak, ebaluazio jarraia, lana egiteko eta ikasteko aukera, baliabide informatikoak, ikasleak kontrolatzeko mekanismoak, unibertsitatean lan politikoa egiteko eskubidea, presentzia polizial eta militarra, ikerlarien EPIFak edota EHUko garbitzaileen eskaerak barne hartu dituzte bide-orri horren bidez.