AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/05/14 09:45

Patxi Ruiz preso politikoa aurrera doa gose eta egarri grebarekin, eta laugarren borroka eguna du gaurkoa. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak atzo adierazi zuenez, telefonoz hots egin zien senideei, eta greban jarraitzen duela jakinarazi zien.

"Gogoratu behar dugu gose eta egarri greban egonda, gorputzeko organoak egun gutxiren buruan huts egiten hasten direla", gogorarazi du AAEAMek. Gainera, kartzelako medikuak ez du Ruiz ikusi greba hasi zuenetik. Duela egun batzuk, protesta modura, besoan ebakiak egin zituen preso politikoak, eta orduko hartan ere ez zuen artatu medikuak.

Bestalde, Murtzia II espetxeko 8. modulutik errespetu modulu batera lekualdatu dute txantrearra.

PRESO POLITIKO GEHIAGO BORROKAN

Jon Kepa Preciado preso politikoa ere gaur batuko da Ruizek abiatutako borrokaldira: Ibai Aginagak duela bi egun egin bezala, "txapeoari" ekingo dio gaur santurtziarrak, eta ez da zeldatik aterako aurrerantzean, modu mugagabean. Kordobako espetxean dute preso Preciado, eta 16 urte egin ditu bertan.

Ruizekin elkartasunean, borrokan ari dira Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotano preso politikoak ere: kartzelan banatzen diren janari bandejei uko egiten ari dira, duela bi egunetatik. Gaur jakinarazi dutenez, Mikel San Sebastian lesakarrak ere hautu berdina egin du, eta janariari ezetz esaten ari zaio.

ELKARTASUN KEINUEN LORALDIA KALEAN

AAEAMeko lau kidek ere gose greba hasi zuten asteartean, hilak 12, eta hirugarren eguna dute gaur. Preso politikoek bezala, Ruizen "egoera konpontzen den arte" jarraituko dute borrokan.

Gainera, gero eta gehiago dira Euskal Herriko kaleetan ikusten ari diren elkartasun keinuak. Margoketak eta pankartak loratu dira hamaika txokotan, eta protestek ere egin dute bide: besteak beste, atzo bi elkarretaratze izan ziren Bilbon (Bizkaia), bat Baztanen (Nafarroa), eta gaur iluntzerako, elkarretaratzea deitu dute Ruizen auzoan, Txantrean (Iruñea, Nafarroa).

Horretaz gain, bart kutxazain automatiko bat erre dute Ean (Bizkaia), eta bertan, Ruizi elkartasuna adierazteko mezuak agertu dira.

Argazkietan: Bilbo, Ea, Baztan, Donostia, Mutriku (Gipuzkoa), Berango (Bizkaia), Alkorta (Bizkaia), Getxo (Bizkaia), Arratia (Bizkaia), Zumaia (Gipuzkoa)...

EZ DAGO IRUZKINIK