Nafarroako Gazte Topaketen lehen edizioa izan da asteburuan

'Sarea ehundu, elkartasuna antolatu' lelopean elkartu dira Iruñerria, Lizarra, Gares, Sakana, Etxauri, Esteribar, Leitza eta Larraungo gazteak iragan asteburuan. Berriozarko Mendialdea ikastetxean hasi, eta Errotxapeako Gaztetxean amaitu dituzte lehenengo Nafarroako Gazte Topaketak.
Argazki Nagusia
Nafarroako Gazte Topaketak
2019ko apirilaren 29a

Ostiral goizetik hasita larunbat iluntzera bitarte, jarduera ugari jorratzeko aukera izan dute Nafarroako Gazte Topaketetara bertaratutako gazteek. Lehen egunean girotze jolasak, gazte problematikari buruzko hitzaldi eta eztabaida, gaitasun praktikoak eskuratzeko tailerrak, Jam Session-a edota gaueko mendi irteera egin zituzten. Bigarrenean, aldiz, apustu etxeen eta etxebizitzaren problematikak lantzeaz gain, autodefentsaz aritu ziren, eta Beñat Zelaiari elkartasuna adierazteko parada ere izan zuten. Bazkalostean , Errotxapeako Gaztetxea egokitzeko auzolanak egin zituzten, eta horren ondotik, ekitaldi politiko batekin amaitu zituzten topaketak, elkartasuna antolatzen jarraitzeko aldarria zabalduz.

Ostirala, apirilak 26

Ostiral goizean, Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzien Fakultateko talde kritikoko kideek Karrikan saio bat eskaini zuten, asteburuan giro onean murgiltzea helburu. Bazkalostean, gazte problematika "klase problematika gisa ulertu eta era egokian erantzun ahal izateko oinarriak" jarri zituzten mahai gainean gazteek; lehenik hitzaldi formatuan, eta ondoren, eztabaida eginez.

Jarraian, zenbait gaitasun praktiko eskuratzeko tailer ezberdinak izan zituzten: zirkua, birjabetze tailerra, ateak irekitzeko tailerra eta defentsa pertsonala. Afaldu ondoren, Ezkaba mendira igotzeko aukera izan zuten gogoz zeudenek; gainontzekoak, Jam Session-ean aritu ziren.

Larunbata, apirilak 27

Larunbat goizean "gazte langilearen bizimodua gogorki kolpatzen duten bi gai" landu zituzten: alde batetik, apustu etxeen ofentsibaz eta horren aurkako borrokaz jardun zuten Igor Meltxor kazetariarekin eta Madrilgo Moratalaz auzoko Distrito 14 kolektiboko kideekin; bestetik, etxebizitzaren arazoa jorratu zuten Gasteizko Birjabetze Kolektiboko kideen eskutik.

Goizari amaiera emateko, Iruñerriko Gaztetxe Koordinadorako bi kidek gaztetxeen defentsaren inguruko zenbait elementu eskaini zituzten: defentsa "klase elkartasunaren" baitan kokatu zuten, eta "gaztetxeen loraldiaren" inguruko hainbat gako aipatu zituzten. Ondoren, zenbait auzo eta herritako militanteek aukera izan zuten haien egoerak azaltzeko eta eraso eta proiektuei "batasunez" aurre egiteko deiak zabaltzeko. Amaitu aurretik, larunbat goizean bertan atxilotua izan zen Beñat Zelaia altsasuarrari elkartasuna adierazteko argazkia atera zuten gazteek.

Dena jaso ondoren, Errotxapeako Gaztetxean bazkaldu zuten. Indarrak hartu ostean, arratsalde osoko auzolana egin zuten; hala, parte hartzaileen lanari esker, gaztetxearen azpiegitura hobetu zuten. Azkenik, ekitaldi labur batekin amaiera eman zieten aurtengo topaketei: aukeratu duten leloak dioen ildoari helduz, "Nafarroa mailan elkartasuna antolatzen jarraitzeko" aldarria zabaldu zuten bertan.