Abenduaren 9an hasi zuten Arabako Elecnor Telecomunicacioneseko langileek greba mugagabea, eta guztira, 38 egunez egon dira borrokan. Tarte horretan, hiru aldiz bildu dira Telefonicak azpikontratatutako enpresaren zuzendaritzarekin, eta azken asteetan izan dira bilera horietatik bi. Argia da emaitza: hilabete baino gehiagoko greba egin ostean, negoziazio mahaia behartu eta lan baldintzak hobetzea lortu dute beharginek. Esaterako, behin-behinekotasunarekin amaitzea, langile guztientzako 100 eta 350 euro bitarteko soldata igoerak, bulegoko langileen lan baldintzen hobekuntza edota bederatzi langileri kontratu finkoa egitea dira erdietsitako lorpenak.
Hala ere, akordioa nahikoa ez dela adierazi dute beharginek. Besteak beste, akordiotik kanpo geratu dira behin-behineko hainbat langileren baldintzak, baita exijitutako beste zenbait baldintza ere.
Ibilbide luzea eta irakaspenak
Irailean hasi zituzten protestak Gasteizko (Araba) Elecnor Telecomunicaciones enpresako langileek. Lan baldintzen hainbat hobekuntza eskatzen aritu dira ordutik; horretarako, hasieran, elkarretaratzeak, manifestazioak, eta, ondoren, greba egunak ere egin dituzte, greba mugagabean egotera iritsi arte. Azken lau hilabeteetan, zuzendaritzaren "arduragabetasuna" salatzeaz gain, Telefonicak auzian jokatzen duen papera ere azaleratu dute langileek, bulegoetako baten aurrean protestak eginez, esaterako.
Mobilizazioetan langileen lanuztea "erabatekoa" izan da. Azkenean, abenduaren 9an sartu ziren greba mugagabean, protestak Araban soilik egiteaz gain, Bizkaiara ere hedatuz.
Beharginek hasieratik salatu dituzte enpresa zuzendaritzaren "xantaia eta mehatxuak", baita greba oztopatzeko saiakerak ere. Besteak beste, atzean utzitako azken hilabetean, langileak grebara batu ez zitezen, zuzendaritzak esku-orriak banatu zituen lantokietan; eta lanuzteetan, Nafarroako zein Gipuzkoako langileak mugitu zituzten Arabako lantegietara, ekoizpena eten ez zedin. Dena den, "langileen elkartasuna" zein "inplikazioa" nabarmentzekoa izan direla azaldu du LAB sindikatuak; besteak beste, aldi baterakoek eta finkoek elkarrekin jardun dute borrokan, amaierara arte.