AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
www.uso.es
2019/12/09 20:57

Gaur, abenduak 9, greba mugagabea hasi dute Elecnor Telecomunicaciones enpresako Arabako langileek. Lan baldintzen hobekuntza eta enpresak sinaturiko lan hitzarmena betetzea dira borrokaldiaren bidez lortu nahi dituzten helburuak. Aurretik bost greba egun egin badituzte ere, zuzendaritzak "aurpegia eman gabe" jarraitzen duela salatu dute; egoera horren aurrean, beraz, greba mugagabeari ekitea erabaki dute. Grebak jarraipen handia izan du lehenengo egun honetan; esaterako, instalazio eta mantentze lanetan jarduten duten langileen %100ek egin du bat deialdiarekin. Hala, goizean zehar bi elkarretaratze egin dituzte langileek: bata Elecnor Telecomunicaciones enpresaren instalakuntzen aurrean, eta bestea, Telefonica operatzailearen Gasteizko (Araba) denda baten aurrean. Horrela, Telefonicak gatazkan duen erantzukizuna nabarmendu dute, hark azpikontratatutakoa baita Elecnor.

Irailean hasi zituzten protestak, eta urrian egin zuten lehen lanuztea Elecnorreko beharginek, lan baldintzetan hobekuntzak exijitzeko. Egin dituzten adierazpenetan, azkenaldian jasan dituzten hainbat egoera salatu dituzte: esaterako, lanaldi gehigarriak behar bezala ez kobratzea, Bizkaiko eta Gipuzkoako beharginek baino lan baldintza okerragoak izatea, asteburuetan eta jaiegunetan derrigorrez lan egin behar izatea, hitzarmenean adostutakoa baino gutxiago kobratzea, emakume langileek etxetik laneko arropak jantzita joan behar izatea lantokian aldagelarik ez dutelako, eta abar. Bestalde, langileen ordezkarien adierazpenen arabera, Elecnor enpresak argudiatzen dituen "ezintasun ekonomikoak" gezurra dira; kontrara, enpresak 2019ko urtarriletik irailera izan dituen irabaziak hazi egin direla diote.

Mobilizazio eta aldarrikapen horien aurrean, enpresako zuzendaritzak harturiko jarrera salatu dute azken egunotan Elecnorreko langileek, enpresaburuak negoziatzera eseri ordez, "grebalarien greba eskubidea kolokan jartzen" ari direla adieraziz. Batetik, zuzendaritzak langile guztiei greba ez egiteko esku-orri bat eman diela salatu dute; bestetik, beste herrialdeetako lantokietatik langileak ekarri dituztela Arabara, lanuzteen eragina murrizte aldera.

Aurrera begira

Mobilizazio zikloak aurrera jarraituko du datozen egunetan. Abenduaren 19an eta 20an, Gasteizko Plaza Berriko merkatuan eta Elecnorrek Bilbon (Bizkaia) duen egoitzaren aurrean mobilizatuko dira, hurrenez hurren. Telefonicak azpikontratatutako langileekin saretzeko asmoa adierazi dute Elecnorreko langileek; hala, "Araban piztu den sua" zabaltzeko asmoz, jadanik biltzen hasiak dira Telefonicako eta hark azpikontratutako langileekin.