AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: LAB
2020/09/15 11:03

Gaur, irailak 15, greba eguna izan da EAEko hezkuntzan. Langileak nahiz ikasle langileak zeuden grebara deituta. Soldatapeko langileen kasuan, unibertsitatez kanpoko hezkuntzan egin zuten deialdia sindikatuek (ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT), eta azaldu dutenez, %65ekoa izan da jarraipena.

11:00etan egin dituzte mobilizazioak Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa) eta Gasteizen (Araba); hain zuzen, Arriagatik, Alderdi Ederretik eta Jesus Guridi kontserbatorio paretik hasita. Horren aurretik, zutabeak egin dituzte hezkuntzan azpikontratatutako langileek, 10:45ean. Jantokietako, garbiketako eta eskola garraioko beharginak elkartu dira, eta haiek ere hezkuntza komunitatearen parte direla aldarrikatu dute.

Ondorengo mobilizazioetan, eskolarako itzulera "segurua eta adostua" eskatu dute langileek. Aurrez aurreko klaseak modu "seguruan" berrartzea ahalbidetuko duten kontratazioak egitea eta neurriak hartzea exijitu dute, nagusiki.

GREBA ESKUBIDEA URRATUTA

Bestalde, atzo jakinarazi zutenez, aurreko greba deialdietan baino gutxieneko zerbitzu handiagoak agindu zituen gaurko Eusko Jaurlaritzak. Esaterako, %100eko gutxieneko zerbitzua ezarri zuen garbiketa-zerbitzuan, eta jantokietako zerbitzua "bermatzeko" agindua ere eman zuen. "Greba eskubidearen urraketa larri bat" izan dela salatu dute sindikatuek.