Iruñerriko Autodefentsa Sarea, autodefentsari bide egiten jarraitzeko prest

"Aurreko ikasturtetik ateratako irakaspenak praktikara eramateko unea da", adierazi dute Iruñerriko Autodefentsa Sareko kideek. Hala, "bueltan" dira berriro, eta "inoiz baino indartsuago" gainera. Hurrengo astean aurkezpenak egingo dituzte hainbat ikastetxetan; hain zuzen, Iturraman, Mendillorrin, Askatasunan, Biurdanan, Paz de Zigandan, eta Alaitzen. Aurreko ikasturtean sortu zuten IAS, eta besteak beste, Eunateko bideo-zaintza kameren aurkako borrokari heldu zioten; garaipena erdietsiz, gainera.
Argazki Nagusia
Argazkia: IAS
2019ko azaroaren 29a

"Bueltan" da Iruñerriko Autodefentsa Sarea; "helburu handiekin", eta "inoiz baino indartsuago". "Aurreko ikasturtetik aterarako irakaspenak praktikara eramateko unea" dela iritzita, IASeko kideak prest daude autodefentsari bide egiten jarraitzeko, eta helburu berriei helduz, borrokaldi berriak abiatzeko.

Hala, hurrengo astean aurkezpenak egingo dituzte Iruñerriko (Nafarroa) hainbat ikastetxetan. Dei egin diete ikasleei bertaratzeko eta "borrokara batzeko". Hain zuzen, Iturraman, Mendillorrin, Askatasunan, Biurdanan, Paz de Zigandan eta Alaitzen izango dira aurkezpen saioak:

  • Iturrama. Abenduak 4. 10:45ean, areto nagusian.
  • Mendillorri. Abenduak 4. 11:15etan, OB6 gelan.
  • Askatasuna. Abenduak 4. 11:15etan, Ikasle Gelan.
  • Biurdana. Abenduak 4. 11:00etan, areto nagusian.
  • Paz de Ziganda. Abenduak 5. Bigarren patioan, Ikasle Gelan.
  • Alaitz. Abenduak 5. 11:00etan, areto nagusian.
  • Berriozar. Abenduak 9. 11:15etan, areto nagusian.
  • Eunate. Abenduak 10. 11:00etan, areto nagusian.

Aurreneko fruituak

Pasa den ikasturtean ekin zion Iruñerriko Autodefentsa Sareak borrokak ereiteari, eta besteak beste, sona handia izan zuen Eunate ikastetxean garatutako borrokaldiak. Izatez Eunateko ikasleek jarri zuten martxan dinamika, bide-zaintza kamerak eta kontrola jopuntuan jarrita. Dena den, "mugekin" topo egin, eta IAS sortu zuten Iruñerria osoko ikasleek; "bereizita" dagoen ikasleriaren interesak modu "bateratuan" lantzeko, eta defendatzeko. Otsailean aurkeztu zuten autodefentsa sarea. Hala, Iruñerriko gainontzeko ikastetxeetako ikasleak ere batu ziren Eunateko kameren aurkako borrokara, eta bereziki gogoangarria izan zen martxoan Txantrean egindako Baterajotze Nazionala, zeinetara Euskal Herri osoko gazteak bertaratu ziren, Kontrola zuen bidea, autodefentsa gurea lemapean kaleak hartzeko. Auziak hartu zuen dimentsio nazionalaren ikur izan zen egun hura.

Borrokak fruituak eman zituen, gainera. IASeko kideek maiatzean jakinarazi zuen, lortu zutela Nafarroako Hezkuntza Departamenduak Eunaten kamerak kentzea; hilabeteetako lanaren emaitza. Orduko hartan azaldu zutenez, ikasturtean zehar gauzatutako dinamikak agerian utzi zuen "autodefentsa sareak direla tresna eraginkorrenak" ikasleen arteko bereizketa gainditzeko eta beren interesak bermatzeko.


Hona hemen GEDAR LANGILE KAZETAk argitaratutako bideo erreportajea, hezkuntza eremuko autodefentsa sareak hizpide dituena. Bertan parte hartu zuten IASeko kideek.