AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/22 14:28
Iruñerriko (Nafarroa) Ikasle Autodefentsa Sareak duela aste eta erdi jarri zuen martxan ikasleen testigantzak jasotzeko kanpaina, salbuespen egoerak hezkuntza eremuan eta ikasleengan izan duen eragina aztertzeko. Hala, ehunka erantzun jaso dituzte Iruñerriko 35 ikastetxe desberdinetatik, inkesta bidez.


Inkesta bete zuten ikasleen artean, %74,5ek erantzun zuten "informazio falta" dutela, eta %83k "edukiak ulertzeko zailtasunak" adierazi zituzten. Bestalde, %79,3 dira "gehiegizko lana jaso" dutela iritzi diotenak, eta %88,8k azaldu dute "momenturen batean estresagarria" iruditu zaiela online ikasketa metodo berria.

IASen esanetan, analisian ikasleen artean nabarmendu diren oztopo eta zailtasun nagusiak ondorengoak dira: lan karga, harremanerako eta komunikaziorako zailtasunak, orientazio falta, ebaluazio sistemaren barruan azterketak baliatzen jarraitzea, ebaluazio irizpideak, eta material falta.

Analisitik, eskaerak

Kanpainaren bidez jasotako testigantzak aztertuta, hainbat aldarrikapen zehatz erdietsi ditu IASek, eta Iruñerriko ikastetxe desberdinetako zuzendariei eta eskumena duten organoei aurkeztu dizkie eskaera modura.

Ondorengoak dira IASen exijentziak:

  • "Lan karga murriztea eta neurtzea", "ikasleen egoera kontuan izanda".
  • Harremanari eta komunikazioari dagokionean, "ikasgai guztietan irakaslearen azalpenak jasotzeko aukera izatea".
  • "Beharrezkoa duten ikasleei informazioa eta orientazioa eskaintzea, batez ere, zikloz aldatuko diren ikasleei".
  • "Azterketak alde batera uztea" eta ikasleak ebaluatzeko "beste bide batzuk" bilatzea, edo azterketek ebaluazioan duten "balioa murriztea".
  • Ebaluazio irizpideak "ikasleen onurarako" aldatzea eta aldaketa horiek "ikasleekin adostea".
  • "Irakasleek baliabide falta duten ikasleen egoera ezagutzea, eta lanak zein ebaluazio irizpideak, ikasleen aukeren arabera moldatzea".