AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Iruñerriko IAS
2020/05/19 14:56

Salbuespen egoerak hezkuntza eremuan eta bereziki ikasleengan izan duen eraginaren aurrean, eskualde ugaritan egon dira martxan ikasleen testigantzak biltzeko kanpainak, eta behin tokian tokiko errealitatea ezagututa, hezigune askotan egin dituzte aldarrikapen zehatzak ikasleek. Horixe izan da, besteak beste, Aiaraldeko (Araba eta Bizkaia) Ikasle Abertzaleakek Laudion edota Iruñerriko Ikasle Autodefentsa Sareak Iruñerrian (Nafarroa) egindako lana, eta biek lortu dituzte hobekuntzak ikasleen baldintzen defentsan.

Aiaraldeko IAk bi eskaera zehatz egin zituen duela aste batzuk: ikasturte hasieran zehaztutako egutegi eta ordutegiak errespetatzea eta ikasketa prozesua ikasleen beharretara egokitzea. Orain jakinarazi dutenez, Laudioko institutuarekin harremanetan jartzea eta eskakizunak betetzea lortu dute.

Zuzendaritza taldearekin erdietsitako akordioaren barruan, institutuan egutegi eta ordutegiak "errespetatu ezean", "ikasleek euren egoera salatzeko" aukera izan dezaten, Aiaraldeko IAko kideen kontaktua eskuragarri egotea adostu dute. Bestalde, bigarren eskakizunari dagokionean, irakasleek ikasleei "maiztasun batekin" e-mailez mezuak bidaltzea hitzartu dute.

Horretaz gain, azkeneko ebaluaketari lotuta, "egoera kudeatzeko irizpideak aldatu dira". Ebaluazioa "nota igotzeko" besterik ez da izango, eta ikasleek ikastetxera itzuli behar badute, "berreskuerapenak egiteko edo selektibitatea lantzeko" baino ez da izango. Hala, "klase telematikoen jarraipena" izango da nagusi.

Lortutako hobekuntza horien "berme" modura, institututik "idatzi formal bat" bidaliko diete ikasleei, "egutegiarekin batera".

URRATSAK IRUÑERRIAN ERE

Iruñerriko IASek ere eskakizun zehatzak egin zituen apirilean, ikasleen bizi baldintzak hobetzeko. Hala, ordutik, hainbat ikastetxetan lortu dute zuzendaritzakin elkarrizketak izatea eta zenbait neurri adostea.

Iturrama ikastetxean, esaterako, "azterketen balio maximoa zehazteko" borrokan aritu dira IASeko kideak. DBHko 3. eta 4. mailetan eta batxilergoko 1. mailan azterketek gehienez %30eko balioa izatea eskatu dute, baita batxilergoko 2. mailan balioa gehienez %50ekoa izatea ere. 103 ikasgaietatik, 69 ikasgaietan irizpide hori ezartzea lortu dute.

Berriozarren, aldiz, honako neurriak adostu dituzte: ikasleek eskola presentzialak indarrean zeudenean zuten lan karga berdina mantentzea, lanekin batera, horiek modu egokian ulertu ahal izateko azalpen txiki bat bidaltzea irakasleek, eta beharra duten ikasleei orientazioa eskaintzea.

Askatasuna ikastetxeko zuzendaritzarekin ere hitz egin dute IASeko kideek, eta hiru eskakizun betearazi zituzten: "lan karga neurtzea", DBHko 4. mailako ikasleek "matrikulen inguruko informazioa jasotzeko orientazio saioak izatea", eta batxilergoko 2. mailako ikasleek "ikasturte amaierako plangintza edota egutegia jasotzea".

Barañaingo Alaitz ikastetxeari dagokionean, elkarrizketak izan ostean, beste hainbat neurri betetzea lortu dute, hain zuzen: ikasleek eskola presentzialetan egingo zuten ariketa kopurua berdina mantentzea; irakasleek asteko plangintza ikasleei bidaltzea, klaseak emateko ordutegi bat finkatzea eta online klaseetan asistentziari lotutako faltak bertan behera uztea; ebaluatzeko metodoa ikasleekin adostea; eta ariketen emaitzak eta zuzenketak plataforma birtualean eskuragarri egotea.