AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @erresidentziak
2020/01/31 12:31

Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileen borrokak 200 egun bete ditu gaurkoan. Negoziazio mahaiaren azkeneko bileran patronalak eginiko proposamena "onartezintzat" jo ostean, grebarekin jarraitzeko hautua egin zuten langileek. Azken lan hitzarmen kolektiboa 2017. urtekoa da, eta ordutik, patronalak ez du baldintzak eguneratzeko prestutasunik azaldu.

Atzoko greba orokorrean, euren grebaldiko 199. eguna bete zuten zahar etxeetako beharginek. Hala ere, sektorea osatzen duten 5.000 langileen artean gehiengoak ezin izan zuen egun osoan zehar mobilizazioetara batu, izan ere, ordu lanpetuenetan %90ekoak dira ezarri zaizkien gutxieneko zerbitzuak.

Bazterketa

Langileek "arduragabekeria" egotzi diete patronalari zein Gipuzkoako Foru Aldundiari. Generoaren ondoriozko soldata-arrakala justifikatzeko, honakoa argudiatu zuen patronaleko buruetako batek Gipuzkoako Batzar Nagusietan: "Sektore hau ez da sekula maskulinizatua izango, gizonezkooi ez zaigulako inporta emakumeek garbi gaitzaten, baina emakumeek ez dute nahi gizonezkoek garbi ditzaten".

Aldundiak, bestalde, auzia "bere eskumena ez dela" dio. Beharginen iritziz, "beste aldera begiratzen du". Dirua hark jartzen duen heinean, paperaren gainean patronala ez den arren, "Aldundiak patronal figura betetzen du", langileen arabera.

Torlojuen legez

Argia aldizkariak eginiko elkarrizketan, lan erregimenean "denbora kronometratua" dutela adierazi du Aitziber Aranberri langileak. Lanaren ordenamendua "torlojuak izango balira bezala" jardun dezaten prestatua dagoela dio, eta eurek "pertsonekin egiten dutela lan, ez torlojuekin". Aranberriren esanetan, zaintza sistema "ezin da horrela eraiki".