AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkiak: @erresidentziak
2020/01/23 19:08

Gaur, urtarrilak 23, Gipuzkoako zahar etxeetako lan itun berria negoziatzeko bildu dira berriro sindikatuak eta patronala. 5.000 langile inguru dira sektorean, gehienak, emakumezkoak, 2017. urteaz geroztik ez dago lan hitzarmenik, eta horren harira abiatu zituzten mobilizazioak 2018. urtean. Hainbat aldarrikapen egin dituzte, besteak beste, jopuntuan jarriz soldata arrakala, atsedenaldiak ez ordaintzea, kontratu partzialak dituzten langileen egoera "prekarioa" edota, orokorrean, soldatak.

Orain artean ez da akordiorik izan enpresekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta horrek behartu ditu langileak etenik gabeko protestak egitera. 192. greba eguna bete dute gaur.

Gatazka luze

Berria-k jaso duenez, gaurko bileran patronalak egin duen azken proposamena "onartezina" izan dela diote sindikatuek; "errespetu falta bat". Egoerari "itxura txarra" hartu diotela adierazi dute, patronalak ez baititu kontuan izan langileen exijentzia oinarrizkoenak. Esaterako, proposamenean ez zaie inolako erreferentziarik egin 2017-2018 urteei, 2019-2022 urteak baino ez dira aipatzen. Hain zuzen horixe zen beharginek jarritako "marra gorria"; negoziazioek barnebilduko duten denbora tartea. ELAk adierazi du ez dela berriz hitz egitera eseriko, 2017-2018 urteak aintzat hartu ezean. LABek ez du argitu zer egingo duen.

Langileek gatazka luzerako izanen dela aurreikusi dute, eta mobilizazioei eusteko determinazioa azaldu. Otsailaren 7ra arteko grebaldia aurrera doa, beraz, eta atzetik gehiago etorriko direla iragarri dute.